Elurra tellatuan

zakua lepoan

ibilli beharko dugu

denbora luzean,

rau ta rau

rakataplau

hau duk dohakabea

beti bazterturik

euskaldun jendea!

 

Rau ta rau

rakataplau

zuhaitzetan lantxurdak

etxeetan babes,

kanpoan otz

ahalmen motz

tau ta rau

rakataplau

eta kanpoan elurra dagielarik

etxea aterbe

sutondoaren beroa oinarri

beharra lokarri

 

rau ta rau

rakataplau

 

bainan kanpoan elur ugari izanagatik

etxean maitegoa etsaiagoa bihurtzen ari

anaiaren otza

                     kanpoaldera laban kamustua

                     etxaldera zorrotza

kanpokoa baino hilgarriagoa da

 

rau ta rau

rakataplau

 

Elurra tellatuan

zakua lepoan

ibilli beharko dugu

denbora luzean.

 

 

© Jose Angel Irigaray

 

 

"Jose Angel Irigaray / Kondairaren ihauterian" orrialde nagusia