|
Gizakunde
goazen olez egitera,
leher lanean arizan eta gero
goazen libertitzera!
Xango mango
hau da fandango,
gure herrian eguna gaua
goibel lodi eta ñabarra,
gure herrian berri frango.
Ihauteri sorginkeri
gure herria dago eri.
Emakunde
ai oi zeinen aspaldikoa den
gure aiherkunde!
Emakumeak
irri eta aufa
urrup edan klikaka
illargi beteko ortziralez
sorginak dira bihurtzen,
ukatua dagoena desukatzera
gizartearen gorroto eta herra
errepresio eta mina,
gure bestearen billa
ezaren billa.
Orakunde
orok batera
eskuak esku
goazen libertitzera!
Plazan dantzan
etxean errintan,
kanpoan urzo etxean bele
elkar zipoka ika-miketan.
Orakunde ihauterikari
orakunde egun guztiz
orok batera elkarrekin
behar dugu ari.
Gizakunde
emakunde
orakunde,
ihauteri
zagi zahar ardo berri,
ortziaren azpian
denboraren gauean
galdutako herri.
Berriz ere
izan ditzagun auta eta kanta
kondairaren ihauterian. |
© Jose Angel Irigaray