|
Euskalerriko ihauteri
burua dugu eri,
Ziripot trufalaria dager
organbidexka guztietan,
itsu eta trakets
gure aragizko ametsak
bihurrituz
mutiko eta neskatikoak bere gibeletik trumilka
deramazkielarik.
Eta Miel-Otxin
behin eta berriz
dugu denok hilen,
gure akats eta bekatuak
min eta grinak
berarekin eramanen dituelakoan,
berriz ere
oraindik ere
hil beharko dugu Miel-Otxin
lapur faltsua
bizi taupada ausartegia
Euskalerriko plazan
kondairazko ihauterian.
Gero denok
garbiturik
lasaiturik
itsuturik
lilluraturik
suzko Miel-Otxinen inguru-minguruan
eten gabeko mutil-dantza paregabean
sokan dantzatuko dugu
egunak gaua austen ez duen artean,
Euskalerriko enparantzan
kondairazko ihauterian.
Eta kondairazko ihauteriaren asieran sua dantzari zen
eta ura kantari
utsaren gauean
denboraren mugan,
eta etorri zen eguna
ortzeguna
iduzkiak argitzen eta bizierazten duena
eta etorri zen gaua
ortzirala
illargiak ferekatzen eta hilerazten duena
ludiaren aro luzean.
Azitik bihia
eta
utsaren autsez
uraren urez
lurraren lurrez
bizitza da asten atzo goizean,
han-hemenka ustegabeko emankortasuna
ats eta taupadak
han hemenka izakiak
urean, lehorrean, aidean
gizadiaren aurrekoak
sortzearen sortzez
bizitza sortzearen eromenean
ihauterian.
Tokian toki sortzen, azten, ezitzen
herriak osatzen
sinesteak azaltzen
eta herri guztiek badute beren enparantza
ele, soinu eta dantza. |
© Jose Angel Irigaray