|
Aberasten da gizadia
eta barreiatzen ludian zehar utsaren billa
jainko eta jainkosak dituelarik galduak
gaueko zehar bideetan barrena.
Lurrari atxiki eta atzemana
kolpearen kolpez taxutua
lur puska honetan euskal arnasa da azaltzen
gorpuzten
amandretzat iduzki eta illargi
amatzat lurra,
sua, ur, aize
Ekain eta Isturitze.
Eta bizitza sortzen eta hiltzen doa
lur ama sabelaren baitan
utsan barrenean bidaiatzean
arrespil eta trego-arri
kondairan barreneko ihauteri
ihauteri miauteri
jainkosa Mari joan zaigu
Sugaarraren gibeletik
utsan gaindi eten gabe
suzko ludi honetatik.
Eta etorri ziren elurteak
iduzkiak
euriteak
eta urbildu ziren ahuntzak
urreratu oillarrak,
jauzika, trumilka
eta jan zuten belarra
belardi, soro eta oihana
eta bereganatu zuen oillategia
oro estalirik oillarrak.
Lanbrotartean xinaurri saldo gisa
lan eta lan
bizkarrean zama aztuna
ezin erdietsiz osasuna
izar gidaririk gabe
umezurtz
bizi gara oroitzapenez
ametsez
galdurik itzala eta oihartzuna.
Arbasoen baratz ttipia belar zikinez josia
oro larrutua,
arnasa itoa, mihia moztua
burua ustua
gauez ibiltzera bortxatuak
iduzkiaren fereka eta balakurik gabe
argi sentirik ez.
Itsu eta sor
erbail eta erren
bizitzaren bide zeharretan barrena ibiltzen
ihauterian parte artu gabe
lanbrotarteko xinaurri saldo gisa
lan eta lan
bizkarrean zama aztuna
ezin erdietsiz askatasunaren osasuna.
Lur puska ttipi honen oihu latz eta samina
kosmozko utsan gaindi doa,
Mari eta Sugaar!
Iduzki, euri eta aizea!
Ai, ei madarikazionea!
Ez dautzuegu sekulan barkatuko
ahuntz zarpail hori
oillar arroputza!
Ez gara ahaztuko sekulan!
Eta mundua badoa utsan barrena
bere ardatzaren bueltaren billa,
behin eta berriz irauliko da ludia
oro izanik lekutua, desegina,
euskal arnasak artuko ote lurra?
Bitartean,
zer gerta ere
goazen lagunak, goazen
dugun denok parte ar kondairazko ihauterian,
goazen Aizpekolandako neskatxarengana
mutil-dantzan barrena,
goazen Josepa ederrarekin oihaneko iturrira
ur freskoaren billa,
ehiztari beltza heldu baino lehen
bere zakur saldoarekin,
eta
arrespillaren barrenean dagoen arbasoen baratz ttipian
eskuak elkarri emanez sokan
ditzagun kanta eta dantza
dezagun guk ere izan auta
kosmozko artazuriketan
kondairaren ihauterian. |
© Jose Angel Irigaray