ITZAURREA
Omenaldiak egitea gaurko oitura degu-ta, betor ordu onean Balentin Enbeita'ri
aurten egingo zaiona ere. Ez du, egiaz, iñork esango merezi ez duenik. Aspaldi batetik ibillia bait degu bertsolari, ez makala, gure erririk geienetan.
Nekazari lanetan bezain errimea da, izan ere, bertso bigun sakonak naiz plaza
agirian, naiz taberna zuloan, naiz eleizan biribildu ta otoz-otoan kantatzen. Aatik,
ondo irabaziak ditu guztion txalorik gartsuenak.
Enbeita'tarrak, dudarik gabe, aintziñatik dute bertsolari jatorria dinastia esan
bear el degu gaur. Denok ezagutzen degu Balentin'en aita, Kepa Enbeita, Muxika'koa ez-ezik Euskalerri osoko Urretxindorra, eta onen anai Imanol, eta bere
anai-arreba ta seme-alabak. Sendi osoa bertsolari...
Doai ta nortasun aundiz indartuta daukagu Balentin, bertsoak asmatu-ala
botatzeko erreztasun izugarria duena. Beronek diosku, olerkitxo baten, nolakoa
izan bear duen bertsolariak. Ona:
Bertsolariak, ona izateko,
baldintz onek bear ditu:
buru argia, biotz zabala,
nai badau ondo jarraitu;
irugarrena, eztarria ona,
neurriai ondo begitu;
bertsolaria ona izango da
baldintza onek baditu.
Benetako gizon izanik agertu oi da nortasuna. Ta bertsolariak goi-goi ikusi gura badau bere izena, nun-nai ta beti agertu beza bere gizontasuna. Bertso lizunez etzuen loitu nai izan egundo ere gure izkuntzaren ederra.
Oba da etxian ixillik egon
garbi-zalia ez dana,
dio azkenez. Aitor zarraren euskera, gure mintzoa, indar-azi, zabaldu ta erriaren
arnasa gaztez oretu nai digu. Ta, berriz diot, onakoak merezi du omenaldi
biozkorra. Amaikatxori eskeintzen zaio ainbesteko errazoi gaberikan.
Gure zer ederra: bertsolaritza. Gaur nork ez? kultura itza darabilgu atertu barik mingaiñean. Da ote dakigu sarri zer adierazi nai degun latindar itz orrekin? Gizonak bere nortasuna, gorputz eta arima, osatzeko bear duen ezagutza, jakite betea dezu kultura; onetxe',: osotu bear du gizona. Kulturak laguntzen digu, bai, geure bear-izan guztiak egokiro bete ta asetzen.
Eta kultura edo geure buruaren lantze au izkuntzaren bitartez lortu oi degu geienik. Guk euskeraren bidez, euskaldunak noizbait millaka urte asko dirala asmatu zuen izkera ederrez.
Orrezkero, euskeraren agerpenik lenengoena, arte bezela, bertsolaritza degunik
ezin daikegu uka. Umetatik ikasi du gizonak biotzak ematen diona eztarriaz kantatzen. Txoriak berez du abesten; bertsolaria ere berdin pentsa ta kanta ari da barnean duena argi ta zoli adierazten, au da, bertso gartsuak arilkatzen.
Oitura ta trebetasun auek geure-geureak ditugu, beste erri-aldeak ez dituztenak. Bere tankera berezia du gure bertsolariak, ez kanpotik artu duen kulturagatik
gero, itz-zerrenda asmatu-ala barrutik irtetzen zaiolako baiño. Geure izpiritu zarraren agerpena degu orixe, J. Oteiza'k dioskunez.
Eta, ain zuzen ere, au idazten ari naizela eskuratzen didate Zeruko Argia; ta
ona zer dion gai oneri buruz eibartar idazle leun Imanol Laspiur'ek: «Hamaika aldiz
irakurri ohi dugu Euskalerriko erdal egunerokoetan euskal historiari buruz, edo etnografiari, edo psikologiari, edo euskarari eta euskal izateari berari buruzko iritzi argalakin eta euskaldunen orijinaltasuna ken eta beste talde etniku batetan sartuko gintuzkete pozik. Batzuek min edo dute, nonbait, horiek nahi luketen hainbat menderatu ez gintuztelako erromatarrak» (Zeruko Argia, 1973, urriak 28, 1 orr.).
Nik askotan esan det, baita idatzi ere, arlo onetan ari izan diran kanpoko ta etxekoak uste duten aiña ez digula latiñak prestatu. Euskalarien bitxikeriak ontan
irribarrea erne oi digute ezpan-ertzetan. Entzun berriz ere Laspiur'i: «Euskara hiz-
kuntza bera dio uste baino gehiago latin kutsuz jantzia dugula aldarrikatzen
dute, eta musika hau edo bestea ez dakit nori eta zeini hartua dela, eta berdin zenbait dantza ta joku... Ez genuke arin bukatuko. Horrela, zer gara, baina, euskaldunok?». Pelota jokua euskaldunona ez dala idatzi dutelako, dio au.
Bertsolariengatik ez dute oraindik beste ainbeste esan. Baiña botatzen asi ezkeroz... Dana dala, euskaldunok ba-ditugu, ta ez gutxi, geure izate bereziaren agerpen
zoragarriak, eta bat, lenengoa bear bada, euskera ta onen gunetik sorturiko literatura ta abar. Bertsolaritza, ordea, gure literaturaren zatirik beiñena ta lenena degu, euskaldunak itz egiten ikasi zuenetik gaur arte bizirik iraun-azia.
Balentin Enbeita bertsolari.Oar auek osotzeko bizitz-zeaztasun batzuk eskatu nizkion B. Enbeita'ri. Ta ona berak erantzun zidana, oso osorik.
«1906'an jaio nintzan, «Usparitxa-Jauregi» baserrian, maiatzaren 20'an. Balendin Berriotxoa beato egin eben eguna zan, eta orregatik ipiñi eusten Balendin izentzat. 12 urtekin asi nintzan bertsotan. Nere aititagaz egiten neban Ariatza'ko tabernan. Txotxojeuri (Juan Antonio Enbeita), nere aitita, oso bertsolari ona izan zan. Lenengo urten-aldiak aititagaz egin nebazan, aitagaz lotsatu egiten nintzalako. Amazortzi urte inguru nebazala asi nintzan aitagaz, Gabonetan eta olako jai batzuetan.
Nik ogeta iru urte nebazala, Bizkai'ko bertsolari sariketa bat antolatu eben Mungia'n. Neuri emon eusten lenengo saria. Bertsotarako gogo geiago ta biziago bat
sortu jatan orduan. Urrengo urtean Getxo'n egin zan beste sariketa bat, eta emen
ere lenengo saria emon eusten. Aurrerantzean plaza askotan ibilli nintzan nere
aitagaz, batez be Bizkaian.
Ogetasei urtekin Bidasoz beste aldera joan nintzan, Basarri'rekin, Bizkai'ko
Euzko Gaztedijak eratutako bira batean. Donibane Garazi, Atarratze, Kanbo ta Donibane Lohitzun'en iru bat egin ginduzan, biok bertsolari giñala. Kanbo'ko trinketian gure Mattin'en aititagaz egin genduan bertsotan. Ba-eban beragaz beste
lagun bat be, oso bertsolari ona.
1933'an, Elizondo'ra atera nintzan nere aitagaz. Baita izan nintzan Bilbo'ko Arriaga kafean be. Ementxe egin genduan garai artako bertso-saiorik ederrena. Garai
onetan, Espaiña'ko matxiñadara arte, erririk erri ibilli nintzan neure aita, Dima'ko
Uriarte ta neure anai Sabin lagun izaten nituelarik. Matxiñada on zala bide ixildu nintzan, 1958'garren urtean Bizkai'ko txapelketan barriro agertzeko. Kantatzeko
erreztasuna bera be galdu egin neban.
Bizkaiko txapelketa nagusi bi irabazi dodaz. Lenengoa Bilbo'n, 1958'an, eta 3.000 pezeta ta kopa jaso nebazan. 1959'an barriro irabazi neban; Bilbo'ko Arenalian
orain be, ta 3.000 pezeta, kopa ta txapela emon eustezan. 1960'an Mugartegi'k irabazi eban; 1961'an, Azpillaga'k, eta 1962'an Lopategi'k. Geiago ez da Bizkaian txapelketarik egin.
1959'an, Ariatza'n, Fuenterrabia tabernan, bertsolarien eskola bat sortu
nuan. Arrezkero bertsolari onak, eta ugari, emon ditu eskola onek: Jon Lopategi,
neure seme Abel eta Jon, Deunoro Sardui, Ireneo Ajuria, Pedro Ortuzar Iturri,
J. M. Sardui, Basabe (Luno'koa au), eta abar. Pedro Mari Aldana'k jarten euskuzan bertsotarako gaiak; berau genduan gure taldeko sekretarioa be. Pedro Mari
bera be bertsolari dogu: ba-ditu ainbat eta ainbat bertso eder berak egiñak, idatziak.
Leendik ere ba-ziran bertsolariak Ariatza'n: nere aitita, aita, nere osaba Imanol
eta Santiago, Antolin, Pedro... Baiña ez egoan onen utsunea betetako barririk.
Lengo sustar orreri indar barria ezarri gurata asi nintzan, eta ez dot uste, alperrik
saiatu nintzanik. Poz aundia da on niretzat.
1953'an antzerki bat antolatu neban, Jesus'en Bizitza izenarekin. Teatro edo
antzerki au inguruko erri txiki batzuetan egin genduan: Ariatza'n, Ibarruri'n, Mendata'n... Antzerki osoa da bertsoz egiña ta abestua. Eleiz-gizonak be ontzat artua
izan zan, eta erriari aitzen emon eutsoen ez gelditzeko «gure» teatro au ikusi barik».
Au degu B. Enbeita'k aitortzen diguna, argi ta garbi aitortu ere. Koplarik asko
argitara eman izan dizkigu Euskalerriko aldizkaririk geienetan. Beronen lanak irakurten dira: Euzkadi egunerokoan, Jaungoiko Zale, Jesus'en Biotzaren Deya, Zeruko Argia, Arantzazu, Karmengo Amaren Egutegia, Anaitasuna, Ar4ntzazu'ko
Egutegia, Goiz-Argi, Karmel, Euskera, Olerti, Txistulari, Príncipe de Viana aldizkarietan. Ez da geldirik egon, egundo, ez bertsolari lez, ez idazle bezela.
Ala ere, eztu iñoiz omenaldirik edo beiñik-bein beretzat berariz antolatutako
egun apartekorik izan. Lagun arteko atsegin batzuk bai, ordea; 1968'an, San Migel
egunez, txapel eder batekin saritu zuten Iurreta'ko gazteak; Muxika'n ere bai San
Roman egunez, erriko bertsolarien gidari bezela. Ortik kanpo ere izan ditu apari
batzuk, eta abar.
Zer kantatu duen. Gai askori ikutu oi dio bertsolariak, baita B. Enbeita'k ere:
ertz askotakoak dituzu onen neurtitzak. Geien erabilli ditun gaiak, orraitio, auek
dira: baserriko bizitza, senar-emazteen maitasuna ta goraberak, neska-mutillak,
erria, euskera, fedea...
Baserriko lanez bizi da bera, ta berezkoa du nekazaritza goraltzea. Goizean
goiztik bera jaiki ordukoxe, kantari dauka txantxangorria etxe ondoko intxaur gaiñean, eta eguzkia dizdizka. Gosaldu ta lanera. Noizik bein senar-emazteak eta
seme-alabak, bear ere baita, zarata batzuk alkarri egin arren, ondo artzen dute alkar.
Bertsotan ere maiz ari dira, «sendiko bake gozotan». Bizimodu orrek irautea nai du
bertsolariak. Onela dio:
Neure baserri kutuna,
aita ta amak emona,
nai dot zure iraupena.
Ondorengoak ez beie galdu
zuk dozun edertasuna,
oitura ta siñismena;
beti izan zentzunduna,
egiazko euskalduna.
Alperrik ez du nai ikusi baserri aldean; onelakoa, bada, lanerako nagi, gizon ondotik ibilten omen da, «aingeruak lez itz egin baiña malizi baltza barrutik».
«Senar-emaztiak autuan» deritzanean, emazteak senarra ikusten du arpegi illun.
Zergatik ote? Sendi askotan jazo oi dana jazoten etxe artan ere: gaurko gazteai buruz aitak gauza bat nai ta amak beste bat laga. Ori dala-ta senarrak erantzuten dio
poliki:
Gure jazketa eta oitura,
euskaldun jolas garbiak,
alde batera iztera doiaz
gaur eguneko gaztiak.
Amak alabai dana azketsi,
nai dabena egin bestiak,
on dala-ta daukadaz neure
bekozko ta asarriak.
Neska-mutillak sarri dardartu ditu txibita bizkorrez. Baita euren maitasun garbiak abestu ere. «Maitasun garbia» deritzana, ederki eioa da. Mutillak zintzo diotsa neskeari:
Maite bazaitut, maitatzen zaitut
nik beti maitasun garbiz,
sekulan bere ni ez naz bizi
loikerirako egarriz.
Lagunduteko gertu naukazu
bardin nai gabaz nai argiz,
etzara txarto bizi izango
nirekin beti bazabiz.
«Neska-mutillak eta zarra» ere alkar-izketa gozoan egiña da. Erlijio-auzian
guztiz Jainko-zale agertzen zaigu beti. Ainbat kopla biozti eskeiñi dizkie Uzparitxa-mendiko gurutzeari, Karmen'go, Arantzazu'ko Amari ta abar. Gizona zintzo ikusi nai du bere barruko artu-emanetan. Gaur, alan ere, arrokeria, alkar
ikusi eziña, zapalkeria ta kezka estua dira nagusi. Ontaz ez dago gaizki urrengo
aapaldi au:
Alperrik dira ezitasunak,
alperrik gure indarra,
kontzientzi ontan zerbait badago
ondo ausnartu bearra.
Geure egintzak dirala bide
jarri badogu negarra,
ori da geure barne ixillean
zirikatzen gaitun arra.
Euskerari, azkenez, biozkada bizi-biziak opatu dizkio. Kanpoko gauzai uko-egiñik, etxea zaintzea nai du; euskaldun iraun gura badegu, euskera jaso bear degu,
geure izate osoa indartu ta zabalaziaz; euskera ikasi nai duenari, lagundu biotz
onez; erbeste-zalerik baletor, bioa lengo bidetik:
Zorioneko gure izkuntza
on egingo bagendu!
Izadia ere maite du, negua, uda ta ugagoiena goretsiz. Eguzkiari ederki diotsa:
Argi eder ori, guri laguntzen
etzara iñoiz aspertzen,
goizian goiztik irri-barreka
pozkiro zara agertzen;
gizarte onek ez dautzun arren
eskar aundirik eskeintzen,
argi gozo oi, apal-apalki
beti zatoz zu laguntzen.
Berdin goraltzen ditu euria, zugatzak, sua ta olakoak ere. «Bizkaiko gure mendiak» deritzana, gizonki osotua daukazu.
Eder zaio au naiz ura aiputan jartea. Sarri aitatzen ditu bere senitartekoak,
Ariatzako baserriak, Aloñako aitona, ango ta emengo mixiolari, txistulari ta bertsolariak. Baditu alegi ta ipuiñak ere: «Astoa eta Errotaria», «Edurra eta zozoaren autua» eta gaiñerakoak.
Neurkera ez-berdiñak darabiltza, naiz-ta sarrien zortziko txikia ta nagusia.
Ederki moldatzen du aria, bulkoz ta esaeraz. Potorik ez dizu egingo, ezertara ere.
Ta beti ari zaizu gauzak artista samur ta gozo bezela ikusi ta adieraziaz. Baliteke
Bilintx baten sudur ta zorroztasunik ez izatea, baiña bai bertsolari azkarrari dagokion egiazko eder-sena. Bakoitzak izan, noski, norbere norberetasun berezia.
Ortaz, eraztuna atzera bezela datorkio egin nai zaion omenaldia, ta bidenabar
Auspoa'k osotzen dion bertso-bilduma.
Aita Onaindia
(Larrea, 1973.XI.1)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com