ARIATZA'KO KURUTZ DEUNAREN JAIAK

 

Ariatzako jaiek

Santa Kurtzietan,

Iraillan amalauan

urte guztietan;

    naiz aberatsetan,

    bardiri txiroetan,

jan-edanen paltarik

ez da etxietan,

naiz-ta eskas ibilli

beste egunetan.

 

Ariatza da gure

tokirik gurena,

Ariatzarrok beti

maitatzen doguna;

    Santa Kurtz eguna

    barriz maitiena,

aztu barik goguan

beti daukoguna;

Ariatza da gutzat

munduan onena.

 

Santa Kurtze bezperaz

asten dira jaiak,

orduan eiten dira

barrabaskeriak;

    zaragi aundiak

    gure gaztediak

jaietan edateko

daukaz ekarriak,

duban edan dagien

datozen guztiak.

 

Bezperan batzen gara

eliza aurrera,

emetik juateko

Bixenten «labara»,

    guztiok batera

    ardaua edatera,

zuri eta baltzari

apuroa eitera;

ez dau iñok esaten:

«Nik etxuat gura!».

 

Danak egiten dautse

ardauari tire,

eta bizkortzen ditu

gizon ta agure;

    gero asten dire

    jira eta bire,

gorputza astun baña

bizkor jarri gure;

ardaua ez dok, mutillak,

iturriko ure!

 

Naiz-ta egon zutunik

egon eziñian,

asarrerik sekula

ez da gure artian;

    biaramonian

    sendo gorputzian;

naiz biamona euki

polite aldian,

edanaren kezkarik

ez da biotzian.

 

Ariatzar gaztiak,

gitxi gora-bera,

ardauaz beti dauke

danentzat aukera;

    zagi ingurura

    ainbat batzen dira,

gaiñera lotsa barik

edan zenbat gura;

amaikak garbitzen iok

gaztien kontura!

 

Goizean zuria ta

atsaldian baltza,

eten bako txurrutai

an ekiten dautsa;

    artzen dabe matsa,

    ezin dira altza,

gorputza kili-kolo,

aurpegia motza,

ez dabe falta izaten

kokoloen antza.

 

Gaztien zaragiek

biotz ona dauko,

datorren guztientzat

borondate aundiko;

    baña entzun ondo

    eta aitu obeto:

ardaua ekarten da

neurriz edateko,

ez debalde dala-ta

mozkorra artzeko.

 

Lenauko zarrak guri

erakutsi euskuen

zelan ibil biar dan

zaragi kontuen;

    ikasi genduen

    biar dan moduen:

egin daiguzan gauzak

al danik onduen,

urrengoak be euki

daien akorduen.

 

Ariatzarrak beti

aldi guztietan

eurenak ein oi dabez

Santa Kurtz jaietan,

    dantza aurreskuetan,

    naiz jan-edanetan;

gaur be nai daunak olgeu

olango gauzetan,

Ariatzara etorri

Santa Kurtzietan.

 

(Jai osterako)

 

Ariatzako jaiek

amaitu dira-ta,

gaztedi guztia dau

erdi tristetuta;

    janak amaituta,

    zagiak ustuta,

gitxi ardura barriz

balegoz pageuta!

Pazentzia artu biar

egingo dira-ta!

 

                        (1944, Irallaren 14'an)

                        (Karmengo Amaren Egutegia, 1953)

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com