ALOIÑA MENDI GAIÑIAN
Aloiña mendi gaiñian nago
begira egal danari:
artaldetxuak agiri dira
bedar gozoan urduri,
txoriak ere bake ederrian
guztiak dabiz kantari,
Arantzazuko Ama dabela
guzti-guztien zaindari,
mendi onixek egiz benetan
zeru txiki bat dirudi.
Mendi gaiñik-gain miruak egan,
kukuak kuku basoan,
eztigai billa ara ta ona
erliak lora gozoan;
pagodeietan usuak urru,
eperrak landa soloan,
artzaiak txistu, ardiak beka,
danak dauz kanta-soiñuan,
mendi onetan aurkitutzen naz
zorioneko lekuan.
Mendi onixek oñian dauka
eleiza eder bat baketsu,
bere inguruak zeruko argiz
jantzirik daukaz loratsu;
gizaldietan emon izan dauz
ainbat eliztar jakintsu,
lurbira ziar zabaldu be bai
Kristoren egi mamintsu,
mundu guztiak gaur goratzen dau
Euskalerriko Arantzazu.
Kantabriako egal danetan
goratuenetaikoa
beti izan da Arantzazuko
Amaren eleizatxoa;
toki alaitsu baketsua da,
dirudi berak zerua,
gure erriai ainbat mesede
bidalduriko txokoa,
Euskalerriak maite dau beraz
Ama Arantzazukoa.
Arantza artean irri-barreka
or Ama Arantzazuko,
geure bizitza zelan eruan
munduan erakusteko;
arantzak emen maite dauzana
gero da zorioneko,
emon eiguzu indarra, Ama,
arantzak eruateko,
or goian gero lora artian
Zeugaz bizi izateko.
(Aranzazu, 1952, VIII-IX)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com