ESKUBIDE BARDIÑA

 

«Aintza goietan, bakea emen»

Belengo portal zarrian;

artega eta egon-eziña

onek sortu dau errian;

nausi diranak beste erregerik

ez dabe gura lurrian,

gauza bardiña jazoten iaku

bi millagarren urtian.

 

Kontzentzi garbiz asi gaitezan

geure barrenak astintzen,

eta gizonen eskubideak

ardura aundiz ausnartzen.

Kristo bakarrik etzan etorri

mundura arimak salbatzen,

etorri iakun gizonak eta

erri lotuak askatzen.

 

Beartsuaren bizi latzagaz

ez gendun ezer jakin nai,

naiz-ta lanean aulduta ikusi

guk barriz geienetan jai;

baiña erria gura badogu

batasun batian anai,

ogi sobria emon daiogun

bear izana daukanai.

 

Gizonak dauka mundu-bizitzak

bearrezko dauan gatza,

eta bakoitzai bere neurrian

bardin emon bear dautsa;

danok daukagu zaindu bearra

giza-bizitzen ardatza,

bardintasunez bizi izateko

jaioa gara bakoitza.

 

                        (Príncipe de Viana, XI-XII/1972)

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com