ARRATIA'KO BASURDIA
(Doñua: Bilintxen Juana Bixenta Olabe'ren antzera)
Arratiako erri batian
jazorikua da aurtengo urtian:
txarri bat artu eben azteko
urte guztiko koipetarako;
ederra ei zan,
txarri ederrik iñun an bazan,
esango'tzuet zelangua zan.
Gorbean euken txarria artuta,
basurdia ei zan beraren aita;
txarri polita bera benetan,
oso bizkorra gauza danetan;
bera zaintzeko
etxeko danak etziran naiko,
kortako atia edei ezkero.
Au ta guzti be esaten eben:
«Txarri onegaz gauz beti pozarren;
naiz-ta basorde-kumia izan,
txarria aziko da gurian;
badau artoa,
gari, garagar, baba, pentzua,
ez al dira, ba, onek naikua?»
Eldu zan, bada, bere sasoia,
ill biar ebena urte-txarria.
Muxikatikan iru morrosko;
juan zirian orretarako
danak bildurrez,
zer jazoko ete zan ardurez,
zauritu ezkagizan agiñez.
Ixil-ixillik jarri giñian
txarria egoan kortako atian;
karnazerua bere gantxoaz
eta ugazaba arto naikuaz,
iñozentzian,
oratuteko bere tokian,
baña amesak utsak zirian.
Laster asi zan kirrin-kurrunka,
kortako bazter danetan saltoka;
karnazerua bildur-ikaraz
eta ugazaba makilliagaz;
etxeko andria
eskuetan ebala baldia,
onek zainduten eban atia.
Etxeko jaunak esaten eban:
«Neuk elduko deutsat buztenetikan,
eta zu bizkor egon gantxoaz,
eta bestiak gero eskuekaz!»
Baña nok eldu?
Ez gantxo, ez buztan eta ez esku,
ezin genduan geure eskuratu.
Alako baten oratu geuntsan
eta ill genduan ill biar bazan.
A zuan gero ikustekoa
jaurti ebana odol-pilloa
murtzillarentzat!
Esaten eben: «Naiko guretzat!»
Ez dakit sobrau bazan bestentzat.
Entzuten gendun uste ebela
amar bat arroba egingo zala.
Gero bost eta iru kiloan
gelditu zuan justo-justoan,
etxeko pentzu
geienak zituala amaitu.
Zenbat eingo zan jan ez balitu?
Urte guztiko lukainka-ametsak,
orduan amaitu zirian danak.
Txarri-bodara barriz askotxu
eta txarriak pixu gitxitxu.
Txarri-gauzarik,
baldin ilten ez badau besterik,
etzan geratu gauza askorik.
Baña ugazaba ez da mankua,
tratu barria ein dau sekulekua:
erosi eban asto gaztia,
ogei bat urte ondo betia,
giarratsua,
lukainkarako aukerakua,
ez dok makala ein daun tratua!
Ai, baña zer da nagona esaten?
Uste dot nagola oker itz eiten!
Etxeko jauna gauza on zalia,
beti euki dau ortan famia;
eta nok oni,
ain ago fiñeko gizon orri,
lukainkan egin asto zar ori?
Etxeko jauna mindu ez daiten
enoa larregirik luzatuten;
ez dogu gura asarratzerik,
baizikan bizi maite-maiterik;
oldoztu ondo,
txarri obia urrengorako
San Antonioi eskatuteko.
(Karmengo Amaren Egutegia, 1954)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com