ALPERRA ETA FIÑA
(Doñua: Peru Duako'rena)
Lagun ez diran izakera bi
daukaguz emen munduan:
bata da fiña, bestia alperra,
beti alkarraz autuan.
Egi aundi au euki dagigun
aztu bagarik goguan:
alperra ez dala txarto izango
fiñak dabizen lekuan.
Alperra beti atxaki billa
nundik lanai iges eingo,
ta fiña barriz bizkor lanera
nun ogia irabaziko.
Janagaz baño bere lanagaz
gogoratzen da geiago,
alperra barriz mairako gertu
nok jaten emon balego.
Alperra sarri ibiliko da
gizon zintzoen ondotik,
aingeruak lez itz egin baña
malizi baltza barrutik;
zintzoa barriz lanera doia
sendiaren onagaitik,
baña alperrak lasai jango dau
langillearen lepotik.
Lege txiki bat jarriko neuke
guztion onuragarri:
lege au da, ba, janik ez emon
lanik gura ez dabenari;
era onetan ainbeste alper
ez genduke eingo ikusi,
eta danontzat izango geunke
naikua arto ta ogi.
Alperkeria dogu munduan
gose guztien sustraia,
lan egitetik iatorku barriz
zoriona ta ogia.
Alde batera itxi dagigun
betiko alperkeria,
gura badogu alkar arteko
zoriona ta bakia.
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com