UDA AZKENA
Zugazti baten azpian nago
oldozmenetan jarririk,
orri igarrak goitikan datoz
euren orpoa ausirik;
udabarrian jantzi txairoaz
ziranak, erdi billozik,
ainbeste zugatz ikusten ditut
or emen jantzi bagarik.
Ego aldeko aize epelak
bere irrintzi ta orruaz
zugatz guztien orri igarrak
lurrera jaurti daruaz;
eta lur onek artutzen ditu
«Neuriak zare!» oiuaz,
udako jazki apain guztiak
lur bigurtzera or duaz.
Erreka-muño guztiak ziran
lora txukunez beterik,
errekatxua lora artian
euren orpoa bustirik;
uda azkena eldu da eta
ez da ikusten lorarik,
errekatxua lengo tokian
mur-murka doia bakarrik.
Udabarrian abes-soiñuan
txoriak umiak azten,
mendi ta baso, zelai ta baratz
jantzirik ziran ikusten;
mitxeletiak lorarik lora,
kukua kuku abesten,
uda azkenak bana-banaka
guztiak ditu ixiltzen.
Orri ta loraz apain zirian
zugazti, baso, zelaiak,
zoragarrizko abesti gozoz
poze jolasten txoriak,
ames zorotan jarten ginduzan
bai zarrak eta gaztiak...
Uda azkenak billoiztu eta
mututu ditu guztiak.
Uda azkena izaten dogu
negu sarrerako atia,
udako gauzai elduten iake
eriotzako epia.
Krabelin gorri eta larrosak
ez dabe emongo eztia,
ez da entzungo birigarro ta
zozoaren abestia.
Mendiak gorri, zugatzak billoiz,
txorien ixiltasuna,
zelai baratzak galdurik euren
udako edertasuna.
Negu bildurrez jarten dituna
aitona eta amona,
orixe dogu uda ondoren
iatorkun uda azkena.
Gaztetasunak ez dau ikusten
ondorengo arriskurik,
lorak lez bere gorputza apaintzen,
ez dau beste ardurarik.
Uda azkena ixillik dator
aizto zorrotza arturik...
Zerbait giñanak ez gara izango
lur apurtxo bat besterik!
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com