ARRATIA'KO MIXIÑOIAK DIRALA-TA
Bedian asi ta Ubider'arte
amabost egun luzian
mixiolari onak ôn dira
arratiarren errian;
len be Arratin fede sendoko
Jainko-zaliak zirian,
ta ikustekoak egongo dira
mixiñoiaren ostian.
Mixiñoietan artuten dira
sekuleko erabagiak,
esaten dogu: «Itxiko dodaz
pekaturako bidiak!»
Oldozmen onek ibiliko dauz
Arratiako erriak,
zorioneko litzakez danak
onek balira egiak.
Lapikotxua suen ondoan
pilpilka daguanian,
barruko gauza guztiak dabiz
gozoz egosi gurian;
baña otzitzen ixten baiako
nagiagaitik sasoian,
sustantzi bako jateko otza
seguru dago etxian.
Gure arimen lapikotxua
otzik geratu ez daiten,
sarritan juan bearra dogu
geure utsak autortuten;
mixiñoietan egin dala-ta
naikotzat badogu ixten,
sustantzi bako katolikuen
antza dogu erakusten.
Jakin dagigun itzak bakarrik
aixiak daruazala,
eta egipenak gizona nor dan
ondo erakusten dabela;
jarraitu daigun beti lenauko
euskaldun onak bezela,
esan dagien gaur be egizko
katolikuak garala.
(1956)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com