MAITASUNA ZER DA?
Maitasun on zelangoa dan
ta bere aunditasuna,
au jakiteko bearrezko da
goi-eskar argitasuna.
Bere zuztarra arakatzeko
ez da naikua gizona;
ez da aukeran bizi izatia,
ez diru, ez osasuna.
Zeñek azaldu, bear dan legez,
bere aberastasuna?
Ezegaz neurtu ezin leikena
benetan dan maitasuna.
Neska-mutil bi jarriko ditut
gaur esate baterako:
egiz alkarraz maite badira
ez dirade bananduko;
alperrik jarri ibai, itxaso,
maite bion bitarteko,
bizi badira danen gañetik
zigur dira alkartuko.
Eta nik diñot: Maitasun orrek
bere indarra nun dauko?
Goi-eskarrezko indarra da ta
gizonak ez dau neurtuko.
Gizonen ona ikustiarren,
ustu arte odoletan,
maitasun arren Kristo illa zan
kurutz batian Golgotan.
Esker txarreko gu izan arren
maitatzen gaitu benetan,
ezaugarritzat or dogu beti
deika Eukaristietan;
maitasun orrek daukan ixilla
ez da erreza topetan
oba izango da bakean itxi
Egillien eskuetan.
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com