OIZ'KO BELEA OIZ'ERA

 

Negu gorrian billoizik dagon

zugatzak nai dau Orrilla,

maitale batek bere maitea

ondoan egon dedilla.

 

Geuk be olantxe euki genduan

maite genduna biotzez,

baiña gugandik aldendu zan da

itxi genduzan tamalez.

 

Gugandik alde egin arren be

maitatzen dogu ondiño,

soiñez ez bada, gogoz benetan

geugaz dau Aita Gabiño.

 

Entzun dodanez Ameriketan

oituratuten ei doa;

izan leiteke egia baiña

nun ete dauka gogoa?

 

«Oiz'ko belea beti Oiz'era»

esakeriak diñon lez,

beste mendiak maite izango dauz,

baña Oiz langorikan ez.

 

Aita Gabin be pozik egon lei

Amerikako lurretan;

lurralde oso ederrak dira,

alan dau idazkietan.

 

Len be anaiak badoguz andik

joanak era orretan,

baiña geurea lango txokorik

ez dabe iñun topetan.

 

Emengo mendi, baso, zelaiak,

baserri, uri, baratzak,

berezko izate ederra daukan

oitura eta izkuntzak,

naiz-ta sarritan emen be aurkitu

loraren ordez arantzak,

Oiz'ko beleak maite dauzan lez

Oiz mendiko arkaitzak,

bere erria ez dau aztuko

Aita Gabiñen biotzak.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com