NESKA-MUTILLAK ETA ZARRA

(MANU, MARITXU, TXOMIN)

 

        Manuk:

— Nora zoiaz, Maritxu,

ain arro jantzita?

 

        Maritxuk:

— Ziñera noia, Manu,

ederra ei dago-ta.

 

        Manuk:

— Baña sasoi orretan,

ia gaba da-ta?

 

        Maritxuk:

— Gaba izanagaitik

konponduten gara!

 

        Manuk:

— Gurean ez daukogu

ortako baimenik,

eta gaiñera gabaz,

eskatzea alperrik!

 

        Maritxuk:

— Nori ardura dautsa

gaba izanagaitik?

Orain ez dago, Manu,

atzoko konturik.

 

        Manuk:

— Gabeko ibillerak

itxizuz, Maritxu,

eta egun argitan

garbiro jolastu.

Gabaz dabiltzazanak,

goiz edo berandu,

alperrik galtzen dira

eta neskazartu.

 

        Maritxuk:

— Zer diraustazu, Manu?

Zoratu al zara?

Egunez ez iatortzu

gaur iñor ondora.

Eta egunez bakarrik

ibilten bagara,

orduan bai neskazar

geratuko gara.

 

        Manuk:

— Egun argitan dira

ardiak ezautzen,

gabaz danak bardiñak

iakuz iruditzen.

Gabeko tratuetan

bazara ibilten,

ez dozu errez izango

tratu ona egiten.

 

        Txominek:

— Maritxu, nai badozu

zeure zoriona,

entzun egizu Manuk

esaten deutzuna.

Gura badozu artu

egizko laguna,

ez aukeratu, Mari,

gabaz iatortzuna.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com