GABAZ AMESLARI
Ortze oztiña dizdizka dago
milla milloika izarrez,
mendi zelaiak ixil-ixilik
gauan itzalen bildurrez;
errekatxuan ura mur-murka
bere eresi itunez,
noizik noizera kanpaien otsa
gaben orduak esanez.
Ego zimelai dar-dar eraiñaz
zagu-zarrak egalari,
gabaz dabizen mitxeletiak
dituez euren janari;
gau-txoriaren oiartzun-otsa
gau itzalaren geigarri,
begi zorrotzez begira dabiz
nun aurkituko apari.
Barriro ere kanpaien otsa
iru durundin oiua,
ollotegian marti-ollarren
goizeko kukurrukua;
baserritxuan amona zarrak
egin dau lenengo loa,
ondoan daukan illobatxua
lo badau ikusten doa.
Gaubeko orduen kanpaien otsak
ames dausku eragiten,
geure bizitzen egiñen asko
gogora dausku ekarten;
geure biotza sarritan kezkaz
egiñen damu autorten,
baten-bat bada geure ongi-naiaz
dauskuna zirikatuten.
Zer darabizu gau itzal orrek
damu egiñak agertzen?
Ez al dakizu nere biotza
barriz dozuna zauritzen?
Egizko damuz len autortua
Jaunak ez dausku eskatzen,
yuadi ortik eta itxidak
bake deunian bizitzen!
Goizeko bostak, egunsentia,
eliz-kanpaiaren otsa,
durundi onek pozez zoratzen
jarten dau nere biotza;
urruntzen doia nere barruko
gau-ames minkor zorrotza,
ordu onian eldu da nigan
goi-eskarrezko laguntza.
Goi-argi orrek argi eidazu,
argitu nere zentzuna,
ez daidan galdu neure betiko
bizitzen itxaropena;
eriotzaren bildur naz beti,
nai dot betikotasuna,
betiko bizi nai dodalako
zeuretzat nire azkena.
(Karmel, 1957)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com