AGUR, MIRENTXU!

 

Agur, Mirentxu, biotz erdiko

ene arreba kutuna,

sendi arteko bake ta poza,

maitasunaren laguna;

zu ziñan gure itxaropena,

txori kantari otzana,

baña ixildu zara betiko,

au tamalaren astuna!

 

Zuzter bateko larrosak giñan

lurrian sortu giñandi,

baratza baten jantzi zirian

gure lorak eta orri;

beti alkarraz pozez beterik

bizi zirian lora bi,

azken epaiak banandu gaitu,

ene Mirentxu, zu ta ni...

 

Benetan ziñan alaia, Miren,

txoria baizen bizkorra,

zure abotsa pozik entzunaz

deitzen eutsuen txindorra;

uda ta negu abesten zendun

naiz lorak eta edurra,

baña geiago ez dogu entzungo

zure abesti samurra.

 

Urte bi ta erdi igaro dozuz

gaixo txar batek minduta,

egun beteko atseden barik,

gorputza miñez aulduta;

egin iatzuzan alegin danak

alperrikoak ziran ta

Josu on-onak eruan zaitu

bere eskutik artuta.

 

Bizitzan oso apala ziñan,

Josu-maitale kutuna,

geidiarentzat beti zenduan

biotz zabal ta biguna;

ez-biarretan agertzen zendun

zintzoen eroapena,

zorioneko zeure antzera

bizi diranen azkena.

 

Ireneotxu zeure semia,

Bedatxu alaba kutuna,

Kepa senarra bizi guztian

biotzez maite zenduna;

atsekabian izan dagien

biar dan eruapena,

or zeru goitik emaiozue

pozaren zatitxu bana.

 

On-ona izan ziñialako

danontzat ludi onetan,

zeru goitik be lagundu, Miren,

geure esturaldietan;

zeure antzera bizi ondoren

bizitzako nekeetan,

or goian gero beti-betiko

danok alkartu gaitezan.

 

                        (1946)

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com