ARANTZAZU'KO AITONA DALA-TA
Arantzazuko aitona zarra,
zer dala jazoten dana?
Gaztiak gogor artu zaituzte,
zer da, ha, egin dozuna?
Zeure urtien pixu astunak
neri ematen dit pena,
dakidalakoz zeure biotza
naibakoz jarri dutena.
Gaurko gaztien jazkeren aurka
bertsoak dituzuz jarri,
ez al dakizu, aitona zarra,
on dutela mingarri?
Uste onakin izan bazan be
egin zenduan lan ori,
ixil ón diran txori guziak
jarri dituzuz kantari.
Errezildarrak Zarautz erritik
artuten dizu pultsua,
txori oi ezta gero makala,
baki nun emon pausua;
makal samartxo dagona baki
aitona zarren lepua,
bildurrik barik erakutsi du
gogor jotzeko gogua.
Zar eta gazte pekatariak
diño Zarauzko txoriak,
egia da ta ezin ukatu,
ez gera aingeru txuriak;
baña gizonak ez ditu berdin
izaten aldi guziak,
eta zarrari men egitian
irabazten du gaztiak.
Jazkeran piskat apaindutzia
danoi atsegin zaiguna,
besten gauzetan ardura artzia
au ez da bide zuzena;
norberen gauzak zuzen eruan
au da Basarrik diñona,
gai ontan zuzen ez al dabil, ba,
Arantzazuko aitona?
Esaten dizu gañera berriz
zortzi auzoak batzeko,
igande eta jai guzietan
jatordu on bat jateko,
asto-mantaren ardura oiek
alde batera uzteko;
au egiñagaz, aitona zarra,
ez dezu asko galduko.
Basarrik baita esaten dizu
letrau bat balitz bezela:
uste izan arren jantziaren duin
gizona beti ez dala;
egikeretan ikusten dan lez
gizontasunezko ala,
brusan azpian ere jakin lei
pardillo asko dirala.
Itzak bakarrik indarge dira,
egipenak ziñaldari,
nor zelako dan bere egipenak
erakusten dute argi;
mingañez uso txuria eta
egikeretan gau-txori,
alperrik esan: «Bildots ona naiz»,
otso gaiztoa da ori.
Goialde eta Uranga ere
daude piska bat mindua,
txantxetakua ez degu izan
asto-mantaren tratua;
uste onian izan bada be
zarrenak nunbait errua,
baña berari ere eman die
buru-austerik naikua.
Urte juanen pixu astuna
eta biotza penetan,
Arantzazuko gure aitona
ez da egongo txantxetan;
gaztiak zorrotz urten dizute
noski minduta benetan,
ez dezu errez, aitona zarra,
onen garaille urtetan.
Gogor samartxo artzen bazaude
aupada egin daikezu,
pozez beterik lagunduteko
gerturik emen naukozu;
Muxika nere baserritxura
baldin etorri nai bozu,
zar eta gazte kezkarik bage
biziko gara ni ta zu. [1]
(1952)
[1] Arantzazuko aitonaren bertsoak, Basarri, Goialde eta Urangarenak, Auspoa'ren 52-53 zenbakian, 61'garren orritik aurrera.
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com