ARANTZAZU'KO EUSKALTZALEEN BILTZARREAN ABESTUTAKO BERTSOAK

        1956'EKO IRAILLAREN 16'EKO BAZKALONDOAN

 

Nere gorputza dardarka daukat

eta biotza kantari,

niretzat beintzat gaur Arantzazuk

zeru txiki bat dirudi:

Bizkai, Gipuzko, Araba, Napar,

Zubero eta Lapurdi,

gour Arantzazun besarkaturik,

berba emonaz elkarri,

erabagia artuten dabe

laguntzeko euskerari,

Ama Arantzazu jartzen dabela

batzar onen ziñaldari.

Eskerrak emon bear deutsoguz

ai au egin dabenari,

indar berri bat eskatuagaz

Arantzazuko Amari.

 

Arantzazuko Ama barreka

dago arantza gaiñetik,

olako batzar zoragarria

Arantzazun ikusirik.

Bere biotza gurekin dago

maitasun-garrez beterik;

euskera maite izan daigula

ez dau agintzen besterik.

Gaur egunian maitasun on

ia dakusta galdurik,

zer jazoten dan itandu eta

ez dago erantzupenik;

danok eskuak garbitzen doguz,

iñok ez dauko errurik;

onexek dauka gure euskera

burua jaso eziñik.

 

Euskalerriko mendi ta zelai,

uri eta baserriak,

ibai, erreka, iturritxoak,

lora ta lilitegiak,

euskeriaren babes gozoan

bizi zirian erriak,

zaindurik bere oitura garbi

eta egizko legiak,

galdu-gordian ikusten doguz

bere edertasun guztiak;

jazoera onen errudun gara

euskaldun erdalzaliak.

 

«Euskalduna naz!» entzun nai dogu

eta gaiñera arrokeriz;

esaten dogu: «Euskalduna naz

izkuntzaz eta jatorriz!».

Geienok gabiz ospia edo

aundi izateko egarriz;

au ikusiaz Ama Euskera

negar-malkozko iturriz.

Zapiok kendu, jagi gaitezan

euskeraren alde egiz,

eta maitatu Ama Euskera

egizko maitasun garbiz.

 

Ez dot esaten erdera ere

biar dogunik baztertu;

erderea be, beste izkuntzak lez,

bardin goratuten dogu.

Erderaz ondo ikasi baña

euskereagaz ez aztu,

Euskalerririk ez dagolako

euskera ezkero galdu.

Besten gauzari bakean itxi,

norberena ondo zaindu,

Euskalerria ez da galduko

euskera zaintzen badogu.

 

Emakumia mundu guztian

dabil modiai begira;

nundi edo andi elduko iaku

modia dagon lekura;

jantziko iaku, naiz-ta nabarmen

izan, modien jazkera,

barre egin arren bere itxurai

bape ez dautsa ardura.

Emakumetan sartuko balitz

gure izkuntza modara,

mundu guztiak egingo leuke

aunditasunez euskera.

 

Itxi daiguzan geure arteko

eztabaidak ziero,

batu gaitezan euskaldun danok

anaitasunez maitero.

Euskerak gaidu daben indarra

zigur, astiro-astiro,

geuganduko da, maitasun garbiz

guztiok lan ein ezkero.

Ez da indarrik maitasunaren

indarra menperatzeko.

Guk be euskera maite badogu

ez da sekula galduko;

itxartu eta jagi gaitezan

belutu baiño lenago.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com