ASTOA ETA ERROTARIA

 

        Astoa

Etxeko jauna, aspalditxuan

zugaz enabil gustora:

gelditu bage beti lanian

batera eta bestera,

lanaren truke lasto sikua

natorrenian etxera,

niriak ein dau asto onegaz

errukitzen ez bazara.

 

        Errotaria

Aspalditxuan ikusten zaitut

lan egitiaz mindurik,

jatekoari atxaki emon

ta geldi egon gurarik;

ezer ein bage jan eta edan,

ez dozu gura besterik,

geldi ôteko etxe onetan

ez dogu bear astorik.

 

        Astoa

Egun danetan beti lanian

bai dakizu nabillena,

zure zorroak ara ta ona

erabilten dodazana;

zuretzat dira irabaziak,

niretzat bakarrik lana,

beste gauzarik ez dot eskatzen:

gosea kentzeko jana.

 

        Errotaria

Zure lanaren irabazia

egunero artzen dozu,

lasto sikua, zatozanian,

kortan naikua daukazu;

beste gauzarik ez dozu bear,

arrantza gitxi eidazu,

eta lanera, zure bizkarra

berotzia nai ez bozu!

 

        Astoa

Nagusi onek ez dau agertzen

menpekoen maitasunik,

onen biotzak ez dauka beintzat

astoaren errukirik;

zaratia ta palukadia

ez dau beste zuzentzarik,

nik uste neban lau ankakoak

zirala astoak bakarrik.

 

        Erabagia:

Astoa eta errotaria

orra alkarraz autuan,

asto gaxoak arrantza baña

zaku astuna lepoan;

errotariak barre egin da

irabaziak kolkoan,

asto-pareko amaika kirten

bizi da gure munduan.

 

                        (1958, Zezeillaren 17'an)

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com