MAITASUN GARBIA
(Doñu onen antzekoa: A. Mitxelenak:
«Ogei kanta Arantzazuko»,
Alargunarena deritzana.)
Mutillak:
Illunabarran gerizpe baltzak
ixiltzen ditu basoak,
mendi-zelaiak ixilik dagoz,
murmurka errekatxoak.
Une onetan adirazten dit
neure maitasunen suak
etxe inguruan dirala oraingo
nere maitean pausuak.
Neskak:
Gaurko eguna igandea zan,
goizetik nintzan mezatan;
arratsaldean jolas garbian
gure erriko zelaian.
Illuntzerako etxera nator
garbi-zaleen antzean,
askoz obeto nagoalako
gaba ezkero etxean.
Mutillak:
Maite bazaitut, maitatzen zaitut
nik beti maitasun garbiz,
sekulan ere ez naz ni bizi
loikerirako egarriz.
Lagunduteko gertu naukazu
bardin gabaz eta argiz,
etzara txarto bizi izango
nirekin beti bazabiz.
Neskak:
Nere bizitzan garbitasuna
beti izan dot gogoko,
Jaunai laguntza eskatzen deutsat
garbitasuna zaintzeko.
Maite bazaitut, maitatzen zaitu
garbi-zale zarelako,
eta biotzez esaten deutzut
ez zaitudala itxiko.
Biak bat:
Abestu daigun biok batera
alkarturikan biotzak,
bata besteen maitasunean
jarraitu daigun bakoitzak.
Loraz jantziak izango dira
gutzat munduko arantzak,
zorioneko benetan dira
olangoaren ezkontzak.
(Aranzazu, 1959, VIII)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com