EDURRA ETA ZOZOAREN AUTUA
TXEPETXAK ERABAGI

 

Zoz.: Mendi ta baso, bide ta zelai,

edurrak dauz estaldurik,

zozo gaxook lurmenen billa

gosiak amurraturik.

Zelan gabizen ikusi ta be

ez dau gure errukirik,

eneban uste edur zuriak

ain biotz baltza eukanik.

 

Edu.: Udan kantari pozez ziñian

mendi baso zelaietan,

edurrai barre egiñik arro

zebiltzan une aretan.

Ta orain neure aldia da ta

zetan zatoz ni tentetan?

Zeure lekuan konpondu zaitez,

ez sartu iñon praketan.

 

Zoz.: Udan kantari ibilli arren

eneutzun kalterik egin,

eta zuk barriz emen naukazu

otzez eta gosiakin.

Orrenbesteko biotz gogorra

zelan zara zu nirekin?

Bizi izaten ez dago errez

zu lango jauntxuarekin.

 

Edu.: Gauza gatxa da mesede egiten

iñori kalte egin barik,

nik edurragaz lurra izten dot

uragaz ondo aserik;

zuk barriz lurrak dakarrena jan

lanikan egin bagarik,

nor garan jauntxu aundiagoa

on jakin nai nuke nik.

 

Txep.: Edurra eta zozoa emen

biak agindu gurian,

biak aukeran bizi nai dabe

arantza barik lurrian.

Ni emen nabil uda ta negu

al dodan lez sasipian,

pozik gaiñera kuku maltzurrak

itxi ezkero bakian.

 

Udaran loraz apaintzen dira

gure baso ta zelaiak,

eta neguan edurrak dituz

zuriz estaltzen guztiak.

Edurrak negu eta guk uda,

maite bakoitzak beriak,

nor nundik eta zelan ibilli

erakusten du sasoiak.

 

                        (Ilbeltzak 20, 1960)

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com