KUKUA ETA TXINDORRAREN AUTUA
TXEPETXAK ERAGABI
Kukua:
Udabarria eltzen daneko
kukuka nago basuan,
guztiak pozez artuten nabe
elduten nazen lekuan.
Neure arrautza ipinten yuat
txindorren jauregitxuan,
ni baño obeto bizi dan iñor
ez dok egongo munduan.
Txindorra:
Txikia beti aundi-gurian,
ez da arritzeko gauzia,
aundiain barriz gustatzen iako
txikia zapaldutia,
kukuai barriz bere umiak
iñon etxian aztia;
jakin nai neunke nok eman dautsan
ortako eskubidia.
Kukua:
Eskubidea norberak artu,
arpei gogorra izan oso,
udarik uda lanari iges,
beti ibilli eroso;
beste txoriai geure bearra
dabela siñistu-erazo,
ori egiten ez badok, ez dok
bururik egingo jaso.
Txindorra:
Ori dok, ori, onua edo
konseju emon daustana;
ondo dakigu alperrarentzat
lanbide onik ez dana.
Baiña guztiok eingo bagendu
zuk nigaz eiten dozuna,
jakingo geunke nok jango leuken
eguneko ogi biguna.
Kukua:
Eguneroko ogi biguna
beti iaukoat gaur arte,
toki danetan aurkitzen iuat
jana t'edana nai beste;
geidia zelan bizi ete dan
enok arduratzen bat be;
norbera ondo egon ezkero
oba da bizi aparte.
Txindorra:
Kuku gaxoa, ondo bizi az,
olan autortuten dozu,
gerokoaren itxaropenik
guk legez ete daukazu?
Jaunak agintzen daben bidian
batera ez gagoz ni ta zu;
azken orduan erruki zaitut
olan jarraitzen badozu.
Txepetxa:
Kukua emen ikusten dogu
munduko atsegiñetan,
txindorra barriz gerokoaren
zorion ames gozotan.
Zorion biak bear gendukez,
orduan pozik benetan;
baiña nok daki eperdi bataz
zillo bi ondo tapetan?
(Olerti, 1960)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com