AITA MARTIN (G.B.)
Ludi onetan bakoitzak dauka
neurtuta bere bizitza,
zenbatekoa izan leiteken
Aita Goikoak dau giltza.
Berak damotso gure izanari
bizi-bideko laguntza,
nai ta nai-ezik, on artu bear
zor dautsagun eriotza.
Guztiak maite genduan geure
Aita Martin kalmeldarra,
euskaldun sendo, biotz aundiko,
jakintsu, apal, azkarra.
egi biribil mamintsu askon
egizko egille bakarra;
nai ta nai-ezik, on artu bear
bere betiko agurra.
Karmengo Aman jantzi doneaz
karmeldar ziñan egiña,
irakasle ta izlari gartsu,
idazle sakon mamiña.
Zure betiko azken agurrak
gugan itxi dau samiña;
nai ta nai-ezik, on artu bear
aren lertze eriozkiña.
Larogei ta bat urte zenduzan,
etziñan zarra guretzat;
oindiño emen gura zindugun
gazteon irakasletzat.
Eriotzaren naimenik etzan
gugan Aita Martinentzat;
nai ta nai-ezik, on artu bear
siñismen ezaugarritzat.
Ondo egiñak ondoren ona,
onek dau urre-saria,
Aita Martiñek artu dau bere
egiñen irabazia.
Jaunak danori emongo dausku
merezi dogun epaia,
nai ta nai-ezik, on artu bear
Jaunaren erabagia.
Egien alde agertu ziñan
zeure arazo danetan;
iñoiz kikildu bako gizona
egi-bideko gauzetan.
Karmengo Aman ikur donea
maite zenduan benetan:
nai ta nai-ezik on artu bear
Aita Martin zeruetan.
(Karmel, XI, 1961)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com