KIRSTI LIIKANEN

 

        Kirsti Liikanen Finlandiatarra da. Emeretzi urte ebazala, etorri zan euskera ikasten. Bein baten, ango irakasleak esan eutsela, ikastolan ebizela, izkuntza bat zegoala, oso ederra, beste izkuntzen antzik etzeukana; eta berak itandu eutsala nun egiten zan izkuntza ori; orduan irakasleak irribarre egiñaz esan eutsala emen ipar alderuntz egiten zala, Españiaren ipar aldean; orduan sortu iakola onuntza etorteko gogoa, baita etorri ere. Gure baserri onetan ikasi eban iru illabeteren barruan. Bertso onek, ori dala ta egiñak dira. Lenengoak, bereak baliran bezela, Euskalerriari agur egiñaz; eta bigarrenak, berak esaten euskulako euskaldun danok jakin bear gendukela; norbere izkuntza ez jakitea lotsagarria dala.

 

Finlandiatarra naiz,

an daukat biotza;

nere aberri artan

entzun neban itza:

izkuntza bat zegola

guztiz aberatsa,

euskaldunen izkera,

eder garbi utsa;

ikasten etorri naiz

Euskalerrirantza.

 

Euskalerriko lurrak

emen ikusirik,

euren edertasunak

nauke zoraturik;

euskeraz ikasi dot,

ez daukat damurik;

ain ederra izanda

nago arriturik

euskaldun askok zelan

dauken bazterturik.

 

Agur, Euskalerria,

baña ez betiko,

Finlandia'ra noia

deitu daustelako;

indarrik bage nago

agur egiteko;

zeure alaba legez

zaindu nozulako

Liikanen'dar Kirstik

etzaitu aiztuko.

 

Zure mendi ta baso

eta itxas-ertzak,

loraz apainduriko

zelai ta baratzak,

zure oitura eder

garbi aberatsak,

zainduten dituala

euskera izkuntzak,

gogoan izango dauz

Kirstiren biotzak.

 

 

        * * *

 

Finlandiako Kirsti Liikanen,

erakusten daun bezela,

ikusten dogu biotz aundiko

garbi ta zintzoa dala;

Euskalerrira etorri iakun

euskera ikusten beñola;

ikusten dogu euskera ikasi

ederto egiten dabela,

esaten dausku euskotar danok

jakin bear gendukela,

norbere izkuntza ez jakitea

lotsagarria dogula.

 

Iru illabete barruan dausku

euskera ederto ikasi,

gura dabenak egin leikela

Kirstigan dogu ikusi;

esaten dausku euskera dala

edertasunez nagusi;

au ta guzti be euskaldun asko

kontuan ez gara jausi;

au ikusi ta kontzentzi garbiz

gu ezin geintekez bizi,

eta euskaldun izenik ere

askok ez dogu merezi.

 

Euskalerriko emakumea,

kantuz nator esatera:

lur maite onen loria eta

frutu emoille zeu zera;

zuk nai badozu zure aurtxoak

ikasi leike euskera,

orretarako bear dozuzan

giltzen jaubia bazera;

arren dirautzut, ez galduteko

eskuan dozun aukera;

bestela alperrik, egizko euskaldun

emakumea etzera.

 

                        (1961)

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com