NEURE BASERRIKO BIZITZA

 

                (Doñua: «Ikusten duzu goizean...» )

 

Goizean ogetik jagi,

gelako leioa edegi

eta jartzen naz ni adi:

Etxe ondoko intxaur gaiñian

txantxangorria kantari,

eguzkia dizdizari,

nere baserritxuari

bake gozoan geznari.

 

Jagi ta lenengo lana

auxe egiten doguna:

zuzendu Jaunarengana;

Berai eskiñi neke ta lanak,

eskatu laguntasuna,

jateko eta edana,

guretzat berak emona,

bere eskuan utzi dana.

 

Gosaldu eta lanera,

bardin baso nai solora,

poz-pozik joaten gara.

Geure gauzetan ezpairik bage

jokatzen dogu batera;

sendi arteko izkera,

aurreko zarren antzera,

egiten dogu euskera.

 

Lan egin ondorenian,

eguna amaitzen danian,

etxera illunabarrian.

Emazte ona begira daukat

irri-barreka atian;

senarra ondo ikustian

poza dauka biotzian,

ondo artzen nau etxian.

 

Sendi, emazte ta senar,

alkarri egiñaz didar,

ondo artzen dogu alkar.

Artuten doguz arto ta gari,

babarrun, patata, sagar;

osasuna eta indar

badaukagu, Jaunai eskar;

ez dogu geiago bear.

 

Etxe barruko lanetan

abeslari bertsoetan,

aberiak gobernetan.

Danok batera gero apaldu

sendiko bake gozotan;

ogerako orduetan

agurtza deuna errezetan,

ondoren ogera lotan.

 

Neure baserri kutuna,

aita ta amak emona,

nai dot zure iraupena.

Ondorengoak ez beie galdu

zuk dozun edertasuna,

oitura ta siñismena;

beti izan zentzunduna,

egiazko euskalduna.

 

                        (Karmel, XI, 1961)

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com