ARTEAGA'TAR IJINEO DALA-TA

 

Txirotasuna mundu onetan

geiena arantzazkoa,

diru apur bat daukan orduan

bera zorionekoa!

Pozaldietan aztuten iako

lengo samin naibakoa,

txiroa beti etorkizunen

itxaropen aundikoa.

 

Zeanuriko seme bat emen

arturik eredutzako,

erabagi dot bere bizitza

bertsotan azalduteko.

Txirotasunez bizi zan baiña

bera zan zorioneko:

itzez, egitez, gauza danetan

gizon osoa zalako.

 

Maizterra zan da bere ugazabak

atara eban etxetik,

esan daustenez ogei bat urte

igaro dira ordutik.

Baserri on gaur be utsik da

Ijineo alde zanetik,

baiña txarrikan etzun esango

kalteak eukiagaitik.

 

Alabatxoa gaixo eukala

etxetik urten bearra,

on izan zan bere barruko

naibako samin bakarra.

Baiña ugazabai gorroto barik

egiten dautso agurra,

gaur eguneko jauntxuentzako

zer erakutsi ederra!

 

Errekartetxo baserria zan

bigarren bizi-lekua,

baserri artan Ijineo zan

guztiz zorionekua.

Esaten eban: «Errekartetxo,

nere txoko begikua!

Beste tokirik eneuke gura,

emendik gero zerua!»

 

Guztientzako eukiten eban

etxeko atia zabalik;

beretzat danak bardiñak ziran,

etzeukan apartekorik.

Ijineontzat etzan izaten

ez goiko eta bekorik;

biotz bardíñaz maitatzen zitun,

etzeukan areriorik.

 

Kas-kas atea joten eutsien

bardin egun eta gabaz,

eta guztiak artzen ebazan

«Ator aurrera!» esanaz.

Gaiñera zenbat alikatu be

beretzako eukanagaz,

guztiak pozez geratzen ziran

bere esku zabalagaz.

 

Maite ebazan Gorbea eta

Sabigain'eko kurutza,

esaten eban: «Bien erdian

pozikan daukat biotza!»

Uria baiño naiago eban

Errekarteko bizitza,

bere eukietan txiroa baiña

barruz gendun aberatsa.

 

Eguneroko bere lanetan

sendia alikatzeko,

goi-maitasunez jokatzen eban

ogia irabazteko.

Arantza artian bizita ere

sobra apur bat baleko,

aberatsaren milloiak baiño

geiago zan beretzako.

 

Pena ,ik bako bizitzia da

maitasun bako bizitza,

Ijineori neke ta lanak

ez dautse mintzen biotza.

Neke artian maitatzen ditu

emazte, sendi, kurutza;

aukerak eta diruak ez dau

iñor egin aberatsa.

 

Ipiñaburu izaten eban

igande eta jaietan

meza entzuteko txoko autua,

siñismen sendoz benetan.

Emendik eta Saldropo'raiño

bide neketsu aretan

zenbat alditan joango iakun

agurtza deuna errezetan?

 

Ilgo zan baiño urte bi aurrez

bere eriotzaren barri

sendiko eta bere lagunai

egin eutsen iragarri:

Kristo Erregen eguna zala

izentauriko egun ori,

egun berian gaixotu ta il zan,

ez al da au miragarri?

 

Txiro izan da aberats bizi

ez da erreza izaten,

Ijineoren bizitzak baiña

argi dausku erakusten:

diruaz ez da gure betiko

zeru-bizitza erosten,

goi-maitasunez, ondo egiñaz,

zerua da irabazten.

 

Kristo Errege maitatzen eban

eta artzen eban aintzat,

egun berian eroan eban

Kristo Erregek beretzat.

Ongilleari Jaunak zerua

emoten dautso saritzat,

au lortuteko artu dagigun

Ijineo eredutzat.

 

                        (1962'eko Ilbeltzaren 5'an)

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com