UZTAPIDE, TXAPELDUN
Nik Uztapide ezautu neban
bertso kantari beñola,
bertsolari lez onena dala
erri guztiak diñola.
Aundia dogu baña apala,
ez da arrotuko iñola,
Uztapide da Euskalerriko
txapeldun urretxiñola.
Bertsolariak, zartuagaitik,
jakitun antzo eztena,
gure Uztapidek danentzat dauka
zentzundun erantzupena.
Orretan beti agertu iaku
euskaldun eta gizona,
on dala-ta erriak diño:
Au da gure txapelduna!
Jakituriak ez dau egiten
bertsoetarako grazi,
orretarako jaio ez bada
alperrik egin garrazi.
Manuel jaunak eskola asko
etzuan eingo ikasi,
au ta guzti be emen daukagu
Euskalerriko nagusi.
Ikusten dira filosofoak
gizon argi ta altsuak,
teknika eta rima-kontuan
bertso-zale jakintsuak.
Baña gatza ta piperra palta,
ez dira orren gozuak;
erriak askoz naiago ditu
Uztapideren bertsuak.
Bertsoetako bear ditugu
berezkoa ta biotza,
onek ez ditun bertsolariak
alperriko dau jakintza.
Gure Uztapide berezkoz eta
biotzez da aberatsa,
jakitun askok artuko leuke
onen piper eta gatza.
Donostiako Astorian zan
argi ta garbi ikusi,
danen gañetik, kostata baña,
zelan zendun irabazi.
Batzuk zalantzan ibilli arren
zu zara danen nagusi,
Euskalerriko bertso-txapela
ondo zenduan merezi.
Omen-jai asko merezi ditu
Uztapileren txapelak,
frutu ederrik asko emon dau
gaur arte bere arbolak.
Ikasbidetzat artu daiguzan
bere bertsozko eskolak,
bera da gure arbola eta
gu gara bere orbelak.
(1963)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com