JUAN OGETA IRUGARRENA IL DA!

 

Dan, din, dan, din, dan, durundi-otsak,

eleiz-kanpaiak deadarrez,

Aita Santua il dala eta

mundu guztia negarrez.

      Biotz samurrez

      maitasun-garrez

zaintzen ginduzan ardurez;

bere eriotzak ze galtze daukan

ez da azalduten errez.

 

Lau urte eta zazpi illabete

Aita Santu egin ditu,

egin dituan lan ederrakaz

guztiok gaitu arritu:

      mundua batu,

      egia autortu,

aundikeria baztertu;

danak diñue olango Aitarik

ez dala iñoiz ezautu.

 

Mundu guztiak maitatzen eban

Jon oge ta irugarrena,

ikusi dogu danak beretzat

sendi bateko zirana;

      anaitasuna

      ta batasuna,

gizonen askatasuna,

auxe zan gure Aita Santuak

beti eskatzen ebana.

 

Erri-maitale egiazkua

Aita Santua izan gendun,

iñoren gauzaz ez jaubetzeko

sarritan esaten euskun.

      Beti fededun,

      egian lagun,

geure ondasunen aldun,

askatasuna bear gendula

bakea gura bagendun.

 

Aita Goikuak jarririk dauka

bakoitzai azken ordua.

eta deituten daben garaian

gure bizitza badua.

      Artzai sendua

      eta zindua

Jaunak dau beregandua,

tamalez bere eriotziak

lutuz jantzi dau mundua.

 

Lau egunian agoliñian,

zer ez eban igaroko?

Mundu guztia Jaunari eske

al bada osatuteko.

      Biotz aundiko

      Aita zalako,

bardiña guztiontzako,

geure artian nai gendun baña

iges egin dau betiko.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com