ADAN ETA EBA SAGARRA JAN DA GERO
Adan:
Atsegiñezko baratzan giñan,
bear genduana sobra;
sagar bat geunkan galazorikan
ta bera andreak proba.
Zorioneko giñian eta
zer egin daustazu, Eba?
Pentsetan nago sortu ez baziña
izango nebala oba.
Eba:
Atxaki billa zabiltzaz baña
etzagoz ondo, senarra,
zeu ziñan baratz eder ontako
jaun eta jaube bakarra;
etzendun zetan ezer parkatu
naiz t'entzun nire negarra,
baña zeuk ere neuk lez gustora
jan egin dozu sagarra.
Adan:
Jaunak laguntzaz emona zara,
emen ez dago guzurrik;
eneban uste zure aldetik
izango zanik okerrik.
Sagar bategaz engañau nozu
ta damutzia alperrik,
baña olangorik etzan jazoko
bizi izan banint-z bakarrik.
Eba:
Neure antzera apurtu dozu
Paradisuko promesa,
agintari lez zure indarra
ikusi dot ezer eza.
Tentaziñuak austeko zu be
neu legez etzara gauza,
bizio on orain iztea
ez dok izango erreza.
Adan:
Suge zitalak engañau zaitu
arrokerizko bideti,
sagarra janda uste zenduan
izatia danen goiti;
eta senarrai emon artian
ibili zara negarti,
neu be tamalez negarrez nago
zure esana egiteaiti.
Eba:
Egin da gero atxaki billa,
on da gizontasuna!
Zeu izan zara baratz onetan
agindu bear dozuna.
Andreagaitik galdu badozu
baratzeko ondasuna,
aurrera.ntza be izango zara
nere menpeko gizona.
Adan:
Zure esanian igaro neikez
bizitzako ordu latzak,
baña bakoitzak eukiko doguz
geure neurriko arantzak.
Zuregan ere sortuko dira
une estu ta garratzak,
pena gogorrez izango dozuz
zeure aurtxoen jaiotzak.
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com