AUNDIKERIAK ONDOREN ONIK EZ
Aundi-gureai beti atea
edegi nai izatia,
esango neuke dala lapurrai
atea edegitia.
Arrokerizko aundi-gureai
itxi daiogun atia,
bestela sarri izango dogu
mesede ordez kaltia.
Aundi-zaleak ez dau izango
apalak daukan bakerik;
iñor menpean euki gurea,
ez dago gaixo txarraurik.
Bide ortatik ez dau lortuko
bere zorion osorik,
aundikerizko egarri orrek
ez daukalako aserik.
Aundi-zalea baldin bazara
etzara gizon zuzena,
orrek gizonai galduten dautsa
sarritan bere zentzuna.
Bere agintza ez galtzearren
galtzen dau gizontasuna,
eta ondoren eskuak utsik
olangoaren azkena.
Arrokeria, aundikeria,
ekaitz guztien zuztarra,
zuzen-zalien arantza miña,
menpekoaren negarra.
Gizonak alkar aitu eziña,
gorrotoaren sukarra,
auxe da egiz arrokeriak
dakarren bide bakarra.
Aukeran bizi gura dabena
bere arazu danetan,
beti ezin lei ondo ibilli
giza-bideko gauzetan.
Aundi-zaleak biotzik ez dau,
beti bekaizkerietan,
mingaiñez uso, barrutik otso,
umea egikeretan.
Aundi-zaleak ez dau izango
menpekoen errukirik,
orretarako arrokeriak
ez dautsa emoten lekurik.
Errian ona nundik datorren
ez dau orren ar3urarik,
gura dabena aukeran bizi
eta sakela beterik.
Zenbat laterri jagi izan dira
arrokerien indarrez,
besten gauzakaz jaubetu eta
zigortzen biotz gogorrez.
Bake-zaliak gudan ipiñi,
guraso asko negarrez,
jauntxukerian kaltea zer dan
azaltzen ez dogu errez.
Gauza danetan aundia dana
Jaungoikoa da bakarrik,
apaltasunez ere ez dago
bera baiño aundiagorik.
Txiro ez-jakin batzuri oiñak
garbitzen zan makurturik,
aundi izateko apala izan,
ez dago beste biderik.
Adan da Eban obena ere
aundi-guretik sortu zan,
Kristo gurutzan josi ebana
arrokeriaa izan zan.
Mundu nastu au etzan izango
aundi-zalerik ez bazan,
bake deunian bizi nai bogu
apalak izan gaitezan.
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com