EZKONDUTIA ONA ETE DA?

 

Ezkondutia beti da ona

biak diranian onak;

izango dabez euren bizitzan

arantzak eta bai penak,

baiña maite-min diran arantzak

loraz apaintzen dau Jaunak,

eta saritzat jasoten dabez

umetxoaren laztanak.

Olangoaren barri ez daki

mutilzar gelditzen danak.

 

Ezkontza ona ala txarra dan

Matusaleni itandu,

gauza onetan esakun asko

egiñak dira zabaldu.

Batzuek ondo konpontzen dira,

bestatzuk ezin atondu;

ez da erreza aukerakoa

emen egiten zuzendu,

baiña mutilzar geratu baiño

oba sasoian ezkondu.

 

Ezkontza ona ala txarra dan

emen nire erantzuna:

gauza onetzaz ziur ôteko

ezkondutia onena.

Maitasun barik ezkontzen danak

arantzazko ondorena;

maitasunagaz egiten danak

poza eta zoriona.

Orra ezkontza batentzat txarra

eta bestientzat ona.

 

Ezkontza-egun txarrik ez dago,

geroz dauz erre-egosiak,

Jaunan legian gura badoguz

eroan gauza guztiak.

Emakumia prakaren jabe

ta gizon kanpo-zaliak,

ezkontza ondo eroateko

ezaugarri itxusiak,

mesede baiño kalte geiago

dakar onen ezkontziak.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com