AMERIKETARA DIRU BILLA
JOATEKO AMESEAN DAGOAN
SEMIA ETA AMA

 

        Amak:

Ene semia, bazoiaz iges

zeure etxea itxirik,

ain maitez azi zinduzan ama

izten dozula bakarrik.

Amerikara, diru apur bat

geiau irabazi nairik;

zu jaio ziñan etxean bere

ez dozu ogi-faltarik.

 

        Semeak:

Ez da, amatxu, ogiagaitik;

nai dot zure zoriona.

Nik ondo dakit ni aztearren

lan asko egin dozuna.

Ekarri nai dot Amerikatik

zuretzako ondasuna,

nai dodalako ondo ikusi

ni azi ninduan ama.

 

        Amak:

Aukera aundirik ez dogu baña

zerbait badago jateko,

lan egiñagaz artuten dogu

naikoa bizi izateko.

Zure agurra izan leiteke

geiago ez ikusteko,

daukagunagaz askoz pozago

ementxe gara biziko.

 

        Semeak:

Amerikara joanagaitik

ez naz egingo ni aztu,

zure semeak egun danetan

gogoan eukiko zaitu.

Lur alde artan beste asko lez

laister eingo naz dirutu,

ta bitarteko pena guztiak

diruak aztuko ditu.

 

        Amak:

Ondiñokarren zu bizi zara

lora mardulen artean,

gauzak ondoen ezautzen dira

garaia datorrenean.

Zenbat nai dodan zu ikustea

beti neure aldamenean,

on jakiten asiko zara

aita egiten zarenean.

 

        Semeak:

Zure barruan zer egon leiken

ezin negike ausnartu,

orretarako zeuk diñozun lez

sendiaz bear jaubetu.

Beraz ez dakit neure amaz beste

egingo naizen oroitu,

zu aiña maite dodan semerik

ez da errez egingo sortu.

 

        Amak:

Guraso batek duan guztia

dauka seme-alabentzat,

egi aundi au ama izan arte

ez-jakiña zan niretzat.

Amaren itzak goguan artu

geroko gomutakitzat:

ama bat dala eun sementzako,

seme bat ez amarentzat.

 

        Semeak:

Laztan artean azi ninduzun,

beti izan nozu gogoko;

aldi danetan beti zauz gertu

nire ona ikusteko.

Baña sasoia daukat nik orain

dirua irabazteko,

Amerikatik natorrenian

poliki gara biziko.

 

                        (1966, Dagonillak 18)

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com