SENAR-EMAZTIAK AUTUAN

 

        Emaztia:

Senar maltea, zer jazoten da

asarrez ibiliteko?

Gauza txarren bat egin al dautzut

ain illun begiratzeko?

Txoria baizen alaia ziñan

sendi guztiarentzako,

zu era ortan ikusitia

tamalgarri da nitzal:o.

 

        Senarra:

Gure jazketa eta oitura,

euskaláun jolas garbiak,

alde batera iztera doiaz

gaur eguneko gaztiak.

Amak alabai dana azketsi,

nai dabena egin bestiak,

on dala-ta daukadaz neure

bekozko ta asarriak.

 

        Emaztia:

Gaurko mundua ikusi eta

ez dozu ondo oldozten,

lengo erara ez iaku iñor

jolastu eta apaintzen.

Zuk nai dozun lez baldin badabiz

txistuka dituez artzen,

alabak olan ikusi eta

ez al zara errukitzen?

 

        Senarra:

Alabarentzat errukiorra

agertuten zara beti,

baña zuzentza egin bear da

erruki danen gañeti.

Zeuk nai dozuna egin artian

ikusten zaitut negarti,

neuk be sarritan damuz egin dot

zuri parkatzeagaiti.

 

        Emaztia:

Jakitun antzo itz egin arren

etzagoz ondo, senarra,

zeu zara gure etxeko buru,

zeuk aginpide bakarra.

Ez dozu zetan ezer laketu

naiz entzun nire negarra,

orretarako zeuk be daukazu

gizon jokatu bearra.

 

        Senarra:

Aita on batek ez dau egingo

ezer sendian kaltera,

au beti adi eta zur dago

etorkizunai begira.

Gure gaztiak gura badoguz

guraso onak atera,

eui ak zainduten aleginduaz

jokatu daigun batera.

 

        Emaztia:

Ama beti da biotz makala

sendiko arazuetan,

aitak bear dau ardura artu

seme-alaben gauzetan.

Itzez ta egitez bardin bazabiz

gizon gauza guztietan,

zure onuak seme-alabak

zainduko dituz benetan.

 

        Senarra:

Zure itzetan ikusten danez

zuk ezin zeinke erratu,

aitan lepora egurrak bota,

amak eskuak garbitu.

Batak bestiai lagunduteko

ez al giñan gu buztartu?

Aitak lez amak seme-alabak

bardin zaindu bear ditu.

 

        Erabagia:

Aita ta ama biok zarie

sendian onugarriak,

errukiaren gaiñetik bete

zuzentzak ditun legiak.

Ori egiñaz ez dira galtzen

ez alaba ta semiak,

guraso onm bearra bauka

gaur gure Euskalerriak.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com