LEKEITIO ETA AZKUE JAUNA

 

Lekeitio da itxas-ertzeko

erri baketsu euskalduna,

oitura garbiz eta euskera

goxoan mintzatzen dana.

Erri euskaldun baketsu ortan

jaio zan Azkue jauna,

bere amaren altzo beroan

euskera ikasi ebana.

Ama dalako txikitxuentzat

zimintarririk onena,

zorioneko erriko izkuntza

erakusten dautsan ama;

on du amak eman legion

ugatz goxo ederrena.

Ikusi daigun zelangoa dan

euskeran aunditasuna,

ziñaldaritzat emen daukogu

Azkue jaunan izena,

bere biotza euskaldun utsa,

argi, jakintsu, sakona.

Mundu guztiak txalotutzen dau

Azkuek egin dabena,

beragan argi ikusten dogu

zer dan euskeran kemena.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com