SORTZEZ GARBIKO AMARI
Baratz erdiko lili usaintsu
urrezko orriz jantzia,
zure mosuan orni goxoan
eztigai billa erlia.
Biotz barruko maitasunaren
antzikur zaran loria,
zure eztiaz idatzi nai dot
Aman sorrera garbia.
Sortzez garbia bere sorrera,
garbi dizdiraz jaiotza,
Jesus Jaunaren sorreran bardin
garbirik bere gorputza.
Garbi dalarik Semea jaio,
gero be garbi bizitza,
sortzez garbiko Ama on ori,
au da Jaunaren alatza!
Ama Birjiña ixilik dago
munduko eztabaidakaz,
sortzez garbia dala ta eztala
dabizen zalapartakaz.
Lenengo nai dau geuk autortzea
egizko siñismenagaz,
gero Lurdesen esan dagizkun
«Sortzez garbiko Ama naz».
Paris Sorbona'n Juan Duns Eskoto'k
itz onek zituan esan:
«Al izan eban, al izan eban,
beretzat egokia zan;
Jaunak nai eban, al izan eban,
eta bearreko zuan,
Ama Birjiñak nai izanda be
obenik ezin lei izan».
Gauza gaitzikan baldin ez bada
gure Jaungoikoarentzat,
nola aukeratu obendun Ama
Jaunak bere Semearentzat?
Ezkutapen au illuna baizan
gizonen argiarentzat,
ainbat urtean ez autortzeko
Ama Birjiña garbitzat.
Sortzez garbia zala ta etzala
mundu dana eztabaidan,
ez al du, Ama, gizadi onek
Jaunagan federik izan?
Alguztiduna bera izanda
nola egingo ez eban,
bere sabelean Jesus Jainkoa
sortu ta jaio bear bazan?
Benetan Sortzez Garbia zara,
emen ez dago dudarik,
Jaunak onela nai eban eta
Zugan ez dago obenik;
gorputz ta arimez igon zenduan
zerura oso-osorik,
garbitasunen ezaugarritzat
aingeru-loraz jantzirik.
Edurra baizen zuria zara,
eguzki baizen argia,
garbitasunen iturburua,
lora guztien loria.
Ama, ederrik Jaunak ein badau,
Zu zara, Andra Maria,
Jaungoikoaren alatz gurena
zure Sorrera Garbia.
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com