URIKO AGUAZILLA ETA TXOFERRA
Belbil batekin nabil
aspaldi guztian,
eta aguazil bat
beti dot jarraian;
sarritan geratu nau
kalien erdian,
zer nai dun ezagun dau
bere aurpegian.
Aguazil au dabil
nigaitik ekiten:
karnetik ez dodala
bidan lez ibilten;
gaur ere etorri iat
atzetik birriten,
nire kontura nai dau
juan bazkariten.
Karneta ondo daukat
nausiak emanda,
aguazillak ezetz,
or dogu demanda;
nai badu jakingo dau
lekura juanda,
ez iñoren kontura
bazkaria janda.
Eskuak zabal eta
guante zuriak,
bajuak arrapatzen
daukaz maliziak;
antza eskasak dira
bere irabaziak,
tranpara kentzen ditu
multarik erdiak.
Dama gazterik bator
auto ederrakin,
nasai geratuko da
izketan eurakin;
ez da konturatuko
atzekuarekin,
gustora egoten da
ezpan-gorriakin.
Korneta jo ezkero
orrua eiten du,
«¡La ley del silencio!»
laster esaten du;
ezker eta eskubi
ezin ditu zaindu,
bear ez daben askok
ogia jaten du.
Turuta joten bada
bizkorra mutilla,
baña lekua zaintzen
ez da ain abilla;
obeto ez badabil
gure aguazilla,
asi bearko dogu
barriaren billa.
Barria bator ere
kontuz bada-ezpadan,
multarik baldin bator
ez asi demandan;
indarrez justizia
zelan egiten dan,
baztertuko zaitue
lenengo ostikadan.
Gizon zintzua beti
zuzen eta ernai,
etxian ta kalian,
lanian ere bai;
guzurragaz polito
bizi leike nunai,
egiak daukan arte
toki danetan jai.
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com