ARRATE IXILIK
Bakoitzak dauka bere barruan
biotzan jaube dan dama,
maitasun orrek bere biotza
maiteagana darama.
Arraten bada izar eder bat,
aundia da bere fama,
Euskalerriak maitatzen daben
Arrateko gure Ama,
soiñez ez bada kantu gozotan
ondora sarri narama.
Garai batean Arrateko Ama
eberdiko amabietan
irrati-bidez asten zanian
kantuz eta bertsoetan,
pozez beterik jarten genduzan
geure bazkal-orduetan;
erri-izparrak zabaltzen zitun
zeaztasun guztietan,
alaitasuna besterik etzan
euskaldun sukaldietan.
Aspalditxuan ixilik dago
lutuz jantzirik Arrate,
bere kantuak ixildu ziran
ta ez dakigu noiz arte.
Baña Amaren oiartzun-otsak
nori egin leio kalte,
bere biotzak neurri bardiñaz
guztiok bagaituz maite?
Gaizkille, zu be maite zaitu ta
Amagaz oroitu zaite.
Arrateko Ama baldin badogu
Euskalerriko zaindari,
bearrezko da itz egitea
Amak bere erriari.
Egia beti izan daitela
bizi-bideko gidari,
ejenplu ona zabaldu daion
bere entzule danari,
txarto egiñaz damutu eta
ateak edei Amari.
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com