ORBAN BAKO LORE
Zer dakastazu, maite,
biotzeko lore?
Zuri ta eder zatoz,
ixil eta bare;
biotz maite minduaz
naukazu begire,
zelan ete zatozan
ain eder zelaire.
Zure musu zurian
eguzkiak diz-diz,
ezti billa erliak
jolasian aldiz;
apain agertzen zara
zelai, baso, mendiz,
aizea eder zure
usai gozo aundiz.
Olerkiaren muña
maitalien ames;
biak maite-minduak,
ezin ase lorez.
Txoria ez da eder
ez badago lumez,
maitasunik bere ez
bear dan lez umez.
Dudako loria da
udazkenekua,
eguzki, aize zakar
maiz arturikua.
Zu zagoz mardul, lirain,
udabarrikua,
baiña jaubiarentzat
ardura aundikua.
Lora gazte maitia,
ain zagoz dotore,
zuri, garbi ta eder,
biotzen endore;
zuri begira dagoz
ainbeste kolore,
beti izan zakidaz
orban bako lore.
(1962'eko Lotazillan)
(Olerti, 1967)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com