SORGIÑA ETA MUTIL SENDUA
Sorgiñak:
Egun argitan lo egiten dot,
baña gaba da neuria;
Siñistu ez arren, askok artzen dau
sorgiñaren arduria.
Arro samarrak nire lepotik
dauke barre egin-guria,
baiña sorgiñan gomuta onek
kentzen dautse loguria.
Mutillak:
Egun guztian lo zorroan ta
gaba zeuria bakarrik;
nik gau orretan lo egiten dot,
ez badot ibil bearrik.
Noizik noizera juanagaitik
gaur arte ez dot okerrik,
niregan ezta sekulan sortu
atso sorgiñen bildurrik.
Sorgiñak:
Atzo ondiño izan zenduzan
une larri ta estuak,
zure aurrian ikusiagaz
sorgin zarraren saltuak.
Tentau zenduzan Ama Karmengo,
zeruko santa-santuak;
on aundirikan ez eutzun egin
atzo gaubeko sustuak.
Mutillak:
Zure saltuak ez dira izango
orrenbesteko altsuak,
zure beso ta txanka me orrek
ezin izan indartsuak;
gau beranduan egiñagaitik
ikaratzeko zantzuak,
zer egin leike egun argitan
ibilli ezin dan atsuak?
Sorgiñak:
Bada-ezpadan ez nagizula
emen salatu larregi,
atzo gaubian zetan ez dala
parkatu neutzun geiegi.
Entzun egizuz sorgin zar onen
bildurgarrizko bi egi:
daukazun dana kenduko dautzut
eta kakuan eskegi.
Mutillak:
Zure irrintzi eta goguak
eragin dauste gogaitu,
alakon baten makilla bataz
egingo zaitut garbitu;
zure azur ta azal zimelez
txakurra eging'ot loditu,
orduan zure sorginkeriak
egingo dira amaitu.
Aita zarrak azkena:
Sorgin-kontuan asko entzun dot
txikitxutatik onaiño,
baiña olango sorgin-klaserik
ez dot ikusi ondiño.
Mundu kaskarrai begiratuta
aita zar onek au diño:
Gaur bere sorgin geiago dala
pagatzaille onak baiño.
(1964'eko Dagonilla)
(Olerti, 1967)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com