BASERRI UTS GAXOARI
Baserritxua, itun naukazu
zu orrela ikusirik:
bakartadean itxi zaitue,
or zagoz sasiz jantzirik.
Zugaz mingañez oroitzen dira
baña ez dau errukirik,
eriotzia laster daukazu
ez bada laguntza obarik.
Zure semiak kaikuarekin
or dabiz mendi-plazetan,
baserri alde didar egiñaz
azaleko amesetan.
Baña gizona ez da ezautzen
bere soiñeko praketan,
ez dira elduko zure etxaurreko
sasi sastrakak libretan.
Garai batean zuk landu zendun
bizi-bideko ortua,
azia erein, landarak jarri
eta zabaldu frutua.
Euskalerriak ezer badauka
zugandik dauka artua,
eta zergaitik itxi zaitue
ainbestian baztertua?
Baserri baten jaio nintzan ni
Lore-illaren ogeian,
Uzparitxako auzonetxuan,
bertsolarien kabian.
Baserri baten gaur be bizi naiz
poz-atsegiñen artian,
azken arnasa ere nai nuke
emon nere baserrian.
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com