GAURKO NESKATXAK

 

        (Erdaldun neskatxa bat, bere minifalda —gona-motz— laburragaz, euskaldun mutil eldu bategana doa, erriko jaiak nun egiten diran itaunka. Mutillak, aren taiua ikusita, bertsoz erantzuten dautso).

 

Gazte, ez dago emendik urrun

zuk deseatzen dozuna;

kilometro bat bakarrik dago

emendik zuzen-zuzena.

Zeu ikusita, bai al dakizu

pentsetan jarri nozuna,

jaian atxakiz nai ete dozun

bideko laguntasuna?

 

Bakarrik naiau dauala eta

ezezkoa daust emoten;

ni barriz pozik ainbat ariñen

ondotik aldendu daiten.

Onen antzeko txori nabarrak

noizbaiten dira ikusten,

melena eta bizardunakin

gustora dira ibilten.

 

Gorputza dauka goitik beraiño

oso egoki egiña,

baiña badauka andra on . baten

duintasunaren premiña.

Maitasunezko biotzen ordez

baden maitekeri-griña,

askoz obeto gure erriko

jaira juango ez baziña.

 

Gaztea zara, gorputzez sendo,

baiña zentzunez txirua,

olgantzan eta libertadian

daukazu zeure burua;

zeure izatez gaurkoa zara,

ez dozu ikusten gerua,

olanguari euskaldun askok

deitzen dautsagu erua.

 

Gauza ona da erriko jaiak

pozik, alai ospatzia,

baiña ez gero, libre dala-ta,

oitura onak galtzia.

Jolasian da jazkeran bardin

euki bear da lotsia,

gura badogu Euskalerriko

oitura onak zaintzia.

 

                        (Príncipe de Viana, X/1972)

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com