ITXAROPENA BEARREKO DAU
GIZONAK BIZI IZATEKO
Itxaropena nundik datorren
ausnartzen ez da nekeza:
Goikoak bere eskuz emona,
au dudarik bako gauza.
Gizonak badau ez-bearren bat
sortuten iako tristeza,
itxaropenaz oroitu bedi
eta or dauka arnasa.
Itxaropenak laguntzen dausku
bizitzan gauza askotan,
itxaropenak lotuten gaitu
bear ez diran gauzetan.
Eruapena emoten dausku
geure estura-aldietan,
itxaropenik bako bizitza
gauza utsa da benetan.
Filosofian barruan dago
sakondu ezin dan arima,
itxaropena orixe dala
esateraño narama.
Uste dau askok gizona dala
mundu-bizitzaren lema,
baña badago itxaropen bat
babesten gaituzan ama.
Sinesmena ta itxaropena
zuzter bateko arbola,
iturri baten emaitzak dira,
Jainkoa bere yabola.
Gizonak berak sortu baeban
agortuko zan beiñola,
Alguztidunak sortua dala
ezin ukatu iñola.
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com