GAZTE-DENPORA EZ DA ETORRIKO

 

Udabarriak ditu

lorak zabalduko,

eta txoriak pozik

dabe abestuko;

baña gazte denpora

ez da etorriko,

udabarriak ere

ez dau ekarriko.

 

Gorputza sendo eta

begiak barrezka,

neugaz maite-minduta

begira ainbat neska;

lora danak usaintsu,

amesak gañezka,

gogamen asko barik

geroaren kezka.

 

Baña urtiak doiaz

ordu batzuk legez,

eta amesak utsik

geratuten direz;

ainbeste maite-mindu

zirianak nigez,

orain barre eginda

albotikan iges.

 

Amaitu ziran maite

ninduen bezuzak,

eta ainbeste lorai

eindako promesak;

alperrik gogoratu

gaztetako gauzak,

lengo laztanen ordez

orain kalabazak.

 

Orain mutilzartuta

aurpegia tximur,

indarrak beruntz eta

pausua oso labur;

gaztiakin ibilten

lotsa eta bildur,

agur gazte denpora,

betirako agur!

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.com