DIRUA, DANON ERREGE
Dirua dogu danon errege,
ez dauka ate itxirik,
ez da agertu diruarekin
edegi ezin dan aterik;
giza-bizitzan adar guztiak
diruak daukaz loturik;
bildurrik gabe lasai bizi da,
ez dauka areriorik.
Esaten dabe diruz gañetik
maitasuna daguala,
maitasun bat zan, Kristo zan bera,
kurutz batian il zala;
maite ginduzan ezaugarritzat
naiz-ta ixuri odola,
ikusten dogu diruagaitik
Judasek saldu ebala.
Gure artian maitasun-itzez
sarritan gara laztantzen,
maitasun orren ezaugarria
egipenak dau agertzen;
txiruarentzat maitasun otza,
diruak gaituz berotzen,
urregorrizko maitasun-itzak
gorroto daki bigurtzen.
Maitasuna be indartsua da,
baditu ainbat mirabe,
«Nere maitia ez dot utziko!»
sarritan esango dabe;
baña diruak lotuten gaitu
kontzentzi bildurrik gabe;
oker naiz zuzen, agertuko da
munduko jaun eta jabe.
Dirua berez ez da izango
zorion danen zuztarra,
baña badauka aparteko bat
neurtu ezin dan indarra;
erreztasunez eskuratzen dauz
eskubi eta eskarra,
guzurra egi bigurtzen daki
eta egia guzurra.
Dirua oso indartsua da,
astintzen dauz inguruak;
tentelak ere bizkortzen ditu,
bizkorrak jarri eruak;
areriorik ez dauka iñun,
beti pausu seguruak;
goiko ta beko, esker ta eskubi
dantzan jarten dauz diruak.
Dirua dogu injustizia
eta dirua justizi,
goiko ta beko erreztasunez
egiten gaituz erosi;
zuzentasuna gura badozu
diruen kontra ez asi,
au oso errez aldeztuko da,
bera da juez nagusi.
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com