MAITE MINDUA
Aldi luzean maitatzen dodan
lora batek nauka miñez,
geientsuetan biotzez eta
beste batzuetan soiñez.
Maite dodana ezin neugandu,
orrek jarten nau samiñez;
geroan bere lortuko badot
ondiñokarren jakiñ ez.
Lore arteko usain gozozko
ames gozoen baratza,
bizibideko laztasunean
sentitzen ez dan arantza;
eskuratu nai, beti igesi,
urratu bear biotza,
era onetan bizitekotan
oba sortu ez banintza.
Euskalerriko baratz urdiñak
baditu ainbeste lora,
danen artean begiko zaitut,
besterikan ez dot gura.
Pozik nintzake baneki ondo
zelan ekarri eskura,
ala zu barik bizi izateko
eldu ete naz mundura?
Baratz el diko lora urdiña,
nai zaitut nere onduan,
zure biotzak maite nagilla
neureak zaitun moduan.
Abegi onez artu nagizu
zugana noian orduan,
zure laguntza bearrezko dot
bizi izateko munduan.
(Príncipe de Viana, IV, 1973)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.com