II

 

        Xelebrekeria frantsesek euren bidea jarraitzen zuten eta kazetagintza arruntak atseden batik ihardun zuen bere kokinkeria profesionaletan. Wagnerrek beti esaten zuen musikak (dramatikoak) sentimendua esan egin behar duela, sentimendura moldatu behar dela hitzaren doitasun berdinaz. Baina jakina, beste modu batera. Hau da, hitzak (positiboegia baita) eman ezin duen sentimenduaren alde zehaztugabea adierazi behar du musikak. Honekin ez zuen buru zentzudun orok onartzen duena besterik esaten. Baina foiletoiko ergelkeriak limurtutako jende askok maisuak beste gauza bat esaten zuela asmatu zuen, musikak gauzen alde positiboa adierazteko gaitasuna duela, alegia. Jende honek rolak eta eginkizunak nahastu egiten zituen. Faltsukeria honen ondorioz gorrotoak eta ezjakiteak eragin dituen esamesak aipatzea alferreko bezain aspergarria litzaidake. Jendearen aburuak aurrera ezin egitea izan da ondorioa. Baina Parisen, beste inon baino gehiago , ezin da bere burua dibertigarritzat duen luma geldiarazi. Jendearen jakingura wagnerri zuzenduta egonik, bere bizitza, ahalegin eta oinazeaz hitz egiten ziguten artikulu eta liburuxkak sortu ziren. Gaur txit ezagunak diren idazki hauen artean, maisuaren adiurrea eta izatea argitu eta zehazteko egokienak baino ez ditut hartuko. Munduan den guztiagatik nahigabetzeko izaera maitagarri bat sehaskatik izaten ez duen gizona ez da inoiz gauza berririk asmatzera iritsiko esaldia idatzi zuenak oinazeak topatuko zituen batez ere bizitzaren borrokan. Artista orok duen sufritzeko erraztasun honetan topatzen diet azalpena Wagnerren aburu iraultzaileei. Joera hau gainera handiagoa da zenbat eta handiagoa den artistak duen gaitasuna zuzena eta ederra dena bereizteko. Etsipenek sumindua eta ametsek etsitua, bihotz sumindu eta urduri bati barkatu diezaiokegun hanka-sartze baten jarraian, musika txarra eta gobernari eskasen arteko parekotasuna asmatu zuen. Artearen idealak egunerokoa erabat menperatu dezan nahi izanda, iraultza politikoek arte iraultzen bidea erraztuko zutela espero egin zuen (itxaropen benetan gizatiarra). Wagner beraren arrakastak gezurtatu ditu bere susmo eta itxaropena. Frantzian despota baten agindua behar izan da iraultzaile baten lana entzuteko. Halaber, bilakaera erromantikoa monarkiak lagunduta ikusi dugu Parisen, liberal eta errepublikarrak klasikoa deituriko literaturan jarduten zuten bitartean.

        Bere gaztediaren gainean idatzitako gauzetan irakurtzen dudan arabera, teatroan bizi izan zen oso txikitatik, eszenetatik ibiltzen zen eta komediak idazten zituen. Weberren musikak eta Beethovenenak ere bai indar itzelaz eragin zioten bihotzean pixka bat beranduago. Laster pilatu zitzaizkion urteak eta ikasketak, ezin izan zuen modu bikoitzean baino pentsatu, poetikoki eta musikalki. Ideia oro bi eratan asmatzen zuen aldi berean, arte baten eginkizunak bestearen muturrean hasi eginez. Bere gaitasunen artean hain handia zuen sen dramatikoak musika lanen azalkeria, huskeria, eta aldrebeskeriei kontra egitera bultzatu zuten. Horrela ba, arte iraultzak zuzentzen dituen probidentziak Alemaniako gazte baten buruan onduarazi zuen XVIII. mendea astindu zuen arazoa. Prosa frantsesera itzulitako lau opera poema lanarentzat idatzi zen Musikaren gaineko gutuna hitzaurrea arretaz irakurri duenak ezin du honi buruz inolako zalantzarik izan. Gluck eta Méhulen izenak maiz agertzen dira idazkian begikotasun sutsuaz. Fétis jaunak alabaina, musikaren nagusitasuna betiko ezarri nahi du drama lirikoan. Baina ez gustatzen bazaio ere, Gluck, Diderot, Voltaire eta Goethe bezalako gizonen aburua kontuan hartu beharra dago. Azken biek euren teorietan maiteenak ezeztatu badituzte ere, ez da adore galtze eta etsipena baino izan. Musikari buruzko gutuna gainetik irakurtzerakoan, oihartzun mnemonikoa bailitzan, gogora etorri zitzaizkidan benetako musika dramatikoa notak eta erritmoa erantsita dituen irrikaren oihua edota hasperena besterik ez zela esaten zuten Dideroten pasarteak. Arazo zientifiko, poetiko, eta artistiko berdinak errepikatu egiten dira garai guztietan. Wagnerrek ez du uste ezer asmatu duenik, baizik eta asmo zahar bat berretsi egin duela. Asmo zahar honek garaitu eta garaile txandaka izaten jarraituko du. Egia esan, izugarri errazak dira arazo hauek guztiak. Harrigarria da etorkizuneko musikari (eta esapide oker bezain izen onekoa erabiltzen ari naiz) kontra egiten ikustea, opera libretoak jende zentzudunari eragiten dion oinazearengatik kexatzen diren pertsona berberak.

        Musikari buruzko gutuna honetan bere antzinako hiru lanen azterketa labur eta garbia egiten du, Artea eta iraultza, Etorkizuneko artelana eta Opera eta drama. Antzerki grekoak biziki arduratzen du egilea, normala denez. Oraina gorrotatzen duela eta, drama lirikoko baldintza berrien ezarpena justifikatzeko iraganean miatu behar duen musikari antzerkigileari derrigorrezkoa zaio horrela pentsatzea. Duela urte bat baino gehiago zera esaten zion Berliozi eskutitz batean: «Publikoari errespetu aldaezina sentiarazteko arteak bete behar dituen baldintzak zeintzuk diren galdetzen nion ene buruari eta arazoaren haria ez galtzearren antzinako Greziara joan nintzen abiapuntua bilatzeko. Artelan nagusia topatu nuen han, drama alegia. Dramaren ideia, oso sakona izanik ere, argitasun osoz eta modurik ulergarri eta unibertsalenean azaldu daiteke. Harritu egiten gaitu gaur hogeita hamar mila greziarrek Eskiloren tragedien antzezpena etengabeko interesaz ikusi ahal izateak. Baina horrelako emaitzak lortzeko bidea zein zen aztertzen badugu, arrazoia asmatuko dugu, horra: arte guztiak xede berdinera elkarrekin zuzentzen direla. Hau da, artelan ezin hobe eta egiazkoa izatera zuzentzen direla. Honek arteak dituen adarren arteko harremanak ikertzera bideratu ninduen, plastika eta mimikaren arteko lotura asmatzerakoan, musika eta poesiaren artekoa ikertu nuen. Ordura arte kezkatzen ninduen iluntasuna desagerraraziko zuen argitasuna atera nuen azterketa horretatik.

        »Hain zuzen ere, arteren batek muga zeharkaezinak topatzen dituenean beste artearen eragin eremua berehala hasten dela asmatu nuen, zehaztasun zorrotzaz gertatzen den fenomenoa dugu gainera. Arte bien arteko bilkurari esker argi eta garbi adierazi daiteke arte bakoitzak bere kabuz adierazi ezin duena. Bietariko bakar baten adierazmenaren bitartez biek espresatu dezaketena ematen saiatuko bagina iluntasuna lortuko genuke halabeharrez, lehenik nahastea eta jarraian gainbehera eta arte bakoitzaren usteltzea.»

        Bere azken liburuko hitzaurrean gai bera jorratzen du modu honetan: «Nire eredu dramatiko eta musikalarentzat benetako oinarria aurkitu nuen artista batzuen hainbat lan arrarotan. Oraingoan historiaren gorabeherek nik ulertzen nituen bezala eskaintzen zizkidaten antzerki eta bizitza publikoaren eredu eta lotura. Atenas zaharreko antzerkian topatu nuen eredua. Bertan erlijio jaiekin batera egiten ziren ospakizun berezi batzuetan bakarrik zabaltzen ziren antzokiko ateak. Estatuko gizon agurgarriek poeta edo zuzendari gisa hartzen zuten parte ospakizun hauetan eta hiri eta herrialdeko jendeak apaiztzat hartzen zituen. Jende hura oso irekia zen antzezlanaren sublimazioa dastatzeko orduan. Poemarik sakonenak, Sofokle edo Eskilorenak adibidez, herri xeheari eskainita ziren, eta jendeak ulertuko zituela bazekiten egileek».

        Ideal dramatiko baten gutiziak, erabateko eta zapaltzailea, Wagnerren patua eratu du. Ideal honen arabera, xehetasun guztiek osotasun efektua lortzeko bat egin behar dute. Musikak kontu handiz markatu eta azpimarratzen du deklamazioa, kantariak ezin du jarraibide hori baztertu silaba batean ere ez, irrikak marrazturiko arabeskoa bailitzan. Dekoratu eta eszenaratzeko zehaztasun txikienak ere arreta berdinaz zainduko dira. Betiereko postulaziotzat zuen hau Wagnerrek. Libretoak eragindako eragozpenez libratu eta Rienzi, gaztedian arrakasta handia izan zuen operaz arnegatu egin zuen egunetik ezinbesteko eredu honen atzetik joan da beti bidea hautsi gabe. Horrela ba eta harritu gabe, antolatzeko sistema bikaina eta Antzinaroko tragedien arkitektura gogora ekartzen duen ordena eta zatiketarako duen zentzua aurkitu diet itzulita dauden bere lanei, Tannhäuser, Lohengrin eta Itsasontzi mamua izenekoei bereziki. Baina garaietan zehar aldizka ematen diren ideiak eta fenomenoak berpizten diren bakoitzean, egoeraren eta aldaeraren ezaugarria dute beti. Antzinateko Venus distiratsuak edo apar zuritik jaiotako

        Afroditak ez du alferrik zeharkatu Erdi Aroko iluntasun lazgarria. Jada ez da Olinpon bizi artxipelago perfumatu baten ertzean. Haitzulo zoragarri baten hondora erretiratu da, egia da, baina Febo onuragarriarena ez den su batek argituta. Lurrera jaisterakoan, Venus infernura hurreratu da eta hainbat ospakizun gaitzesgarritan deabrua goratu egingo du zalantzarik gabe, haragiaren printzea eta bekatuaren jauna. Gustu sotila eta edertasun klasikorako zentzu ezin hobea izanik, Wagnerren poemek izpiritu erromantikoa dute halaber, neurri handi batean. Sofokle eta Eskiloren handitasuna gogoratzen badituzte ere, plastikoki katolikoen garaiko misterioak ere ekartzen dituzte burura. Erdi Aroko elizetako hormetan edota tapiz ikaragarrietan agertzen ziren irudi handientsuen antza daukate. Kondairazko itxura orokorra dute: Tannhäuser, kondaira, Lohengrin, kondaira, Itsasontzi mamua, kondaira ere bai. Ez da buru poetiko orok duen berezko joera bakarrik Wagner ildo berezi honetatik eraman duena, drama lirikoaren baldintza hoberenak lortzeko hartutako erabakia ere baita.

        Bere liburuetan ere, arazo hau ondo argitzeaz arduratu da beti. Gai guztiak, hain zuzen, ez dira egokiak drama benetan unibertsala izan dadin. Generoko koadrorik biribil eta zoragarriena ere ezin dugu fresko bihurtu ezer galdu gabe. Poeta dramatikoak gizonaren bihotz honen bilakaeran topatuko ditu batez ere mundu osoan uler daitezken gaiak. Xehetasun tekniko, politiko edota historikoegiek sor ditzaketen oztopo guztiak gainditzea litzateke zuhurrena ereduzko drama josterakoan askatasun osoa izateko. Maisuari lagako diot berba egiten: «Adimen abstraktuarendako bakarrik zentzua duten giza eragile hutsei lekua uzten dietenean besterik ez da gertatzen poetiko izena daukan motiboa gizakiaren bizitzan. Joera hau (gai poetikoa asmatzearena) forma eta antzezpen poetikoa gailentzen dituen legea da... Erritmoaren moldaketak eta errimaren apaindurak (ia musikalak) ematen die indarra neurtitz eta esaldiari, poetaren iritziz, eta indar horrek sentimendua menperatzen duen xarma eragingo du. Poetarentzat funtsezkoa den joera honek bere artearen muturrera eramaten du dena. Mutur honek musika ukitzen du berehala, eta ondorioz, bukatu eta gero musika ezin hobea bihurtuko dena izango da poetaren lanik osatuena».

        «Hortaz, mitoa poetaren gai perfektutzat hartzeko bideratua izan nintzen. Mitoa herriaren jatorrizko olerki anonimoa da. Kulturadun garai guztietan agertzen zaigu mitoa, poeta handiek hartua eta gelditu barik eraldatua. Izan ere, gizakiak arrazoi abstraktuak baino uler ez dezakeela esaten duen konbentzioa kendu diote giza harremanek mitoari. Bizitzan benetan gizatiarra dena erakusten dute, betiereko ulergarria dena eta imitatu ezin dena era jakin honetan erakusten dute. Honek mito orori ematen dio bere ezaugarri den izaera berezi hori.»

        Beste behin eta gai bera berrartuz, zera esaten du Wagnerrek: «Betirako utzi nuen historiaren esparrua kondairarenean geratzeko... Alde batera laga nitzakeen honela gertakari historikoa eta bere gorabeherak deskribatu eta adierazteko behar diren xehetasun guztiak, gaur egungo drama eta nobelagileek asmatu egin behar duten antzinako garai berezi bat ondo ulertzeak eskatzen dituen xehetasunak ere ahaztu egin nitzakeen honengatik, zirkunstantziako arrazoi bati esker... Edozein garai eta herritan, kondairak gizatiarra ez dena erakusteko abantaila dauka, eta modu original eta nabarmenean aurkez dezake, honela lehengo begiratuan ulertzen baita. Balada bat edota esaera zahar bat nahikoa dira une batean modu zehatz eta hunkigarrienean adierazteko izaera hori... Eszenaren izaera eta kondairaren tonuaren artean ametsezko egoera bat ematen diote gogoari. Amets honek argitasuna ekartzen du eta gogoak munduko gauzak lotzeko modu berria asmatzen du. Begiek ezin diote honi antzeman ohizko esna-aldian egonik».

        Nola ez zuen ba primeran ulertuko Wagnerrek mitoaren izaera sakratu eta zoragarria, aldi berean poeta eta kritikaria baldin bada? Bere gaitasun handia eta kritikatzeko adimen izugarria zergatitzat hartuta bere musikarako talentua fidagarria ez zela esaten duenik sarritan ezagutu dut. Hain arrunta den hutsegite hau gezurtatzeko aukera egokia dugula uste dut, hutsegite honen arrazoi nagusia giza sentimenduetan zatarrena da agian, bekaizkeria. «Bere artearen gainean hainbeste hausnartzen duen gizonak ezin du artelan ederrik sortu modu naturalean», esaten dute batzuek, gisa honetan bere arrazionaltasunari jeinua kendu eta egokitzen dioten eginkizuna zeharo senezkoa litzateke, begetala, nolabait esatearren. Beste batzuek euren teorien balioa egiaztatzeko, operak egiten dituen kritikotzat hartu gura dute Wagner. Uste hau, gezurra izateaz gain, ezinezkoa da. Jakina denez, maisua oso gazte hasi zen mota askotako poesia eta musika saiakerak idazten, eta denboraren poderioz besterik ez zen iritsi drama lirikoaren eredua asmatzera. Artearen historian, gauza berria ematen du kritikaria poeta bihurtzeak, baita lege psikiko guztien asaldurak ere, munstrokeria hutsa da hau. Poeta handi oro, berez eta halabeharrez, kritikari bihurtzen da, ordea. Senak bakarrik zuzenduta ibiltzen diren poetak erruki ditut, osatu gabeak begitantzen baitzaizkit. Baina lehengoen bizitza izpiritualean krisia jazotzen da nahitaez, euren artean hausnartu egin gura dute, sortzerakoan izan dituzten lege ilunak asmatu, eta gero poesia hutsik gabe sortzea den xede zerutiarra lortzeko arauak asmatu ikerketa honen bitartez. Miragarria litzateke kritikari bat poeta bilakatzea eta ezinezkoa poeta kritikaria ez izatea, hein batean behintzat. Irakurlea ez da harrituko ba kritikoetan hoberenari poeta deritzotela esaten badut. Wagner musikariari bere artearen filosofiari buruzko liburuak idaztea gaitzetsi eta bere musika sorketa naturala ez dela susmatzen duten horiek, Da Vinci, Hogarth edota Reynoldsek pintura onak egiteko gauza zirela ere ukatu beharko lukete, euren artearen hastapenak asmatu eta aztertu egin zituztelako. Artearen gainean gure Delacroix handia baino hobeto nor mintzatzen da? Diderot, Goethe, Shakespeare eta abar, guztiak dira sortzaile bezain kritikari miresgarriak. Behin poesia agertuta, finkatu egiten da eta gero arauen ikerketa eragiten du. Giza lanen historia honelakoa izan da ezinbestean. Beraz, norbera jende guztiaren txikigarria denez, eta buru bakoitzaren bilakaerak buru ororen bilakaera neurri txikian adierazten duenez, Wagnerren pentsakizunen eratzea gizateriaren lanaren parekoa dela pentsatzea zuzena eta agerikoa litzateke.

 

 

© Charles Baudelaire

© itzulpenarena: Oier Alonso

 

 

"Charles Baudelaire - Wagner Parisen" orrialde nagusia