III
Gizakiaren bihotza gudu-zelai nagusitzat hartu duten bi printzipioren arteko gatazka adierazten du Tannhäuserrek. Hau da, haragi eta izpirituaren arteko borroka, infernuaren eta zeruaren artekoa edota Satanek Jainkoarekin daukana. Dualtasunhau berehala adierazten du oberturak, eta trebetasun paregabeaz gainera. Zer ez da idatzi zati honi buruz? Hala ere, beste tesi eta iruzkin adierazgarri askoren gaia izanen dela pentsa daiteke. Benetan artistikoak diren lanek berezkoa baitute iradokizun iturri agortezina izatea. Oberturak ba bi kantatan laburtzen du dramaren asmoa, erlijio kanta eta kanta atseginzalea. Kanta hauek, Liszten berbak erabiliz: «Bukaeran ekuazioa topatzen duten bi gairen antzera daude sartuta». Lehenik Erromesen kanta, lege gorenaren agindupean, bizitzak duen benetako zentzua azpimarratuko bailuen, erromesaldi unibertsalaren xedea, Jainkoa, alegia. Baina haragiaren irrikak laster zapaltzen du, gogo guztietan, Jainkoaren barneko zentzua. Saindutasuna adierazten duen kanta atseginaren hasperenetan murgiltzen da pixkanaka. Benetako Venus, izugarri eta unibertsala, guztien buruan agertzen da.
Eta Tannhäuser-reko obertura zoragarria oraindik entzun ez duenak ez dezala maitemindu arrunten gaineko kanta imajina, pendizean denbora-pasa, mozkor talde baten ahotsak Jainkoari aurre egiten dion bitartean Horazioren hizkuntzan. Ez, ez da hori, gauza jator eta aldi berean okerragoa da. Ilauntasuna da, sukarrarekin nahasiriko gozamenak larritasunak moztuta. Egarria behin eta berriz asetzea agintzen duen atsegina, baina ez da sekula asetuko. Bihotz eta zentzuen taupada bortitzak dira. Haragiaren premiazko aginduak. Maitasunak ematen duen onomatopeia hiztegi guztia entzuten da hemen. Baina gero erlijiozko gaiak menperatzen du ostera ere, astiro, mailaz maila, eta beste gaia garaipen goxo batez bereganatzen du azkenean. Izaki liluragarriak izaki kaltegarri eta neurrigabearen aurrean duen bezain garaipen loriatsua gertatzen da, alegia, San Migel eta Luziferren aldekoa.
Ikerketa honen hasieran aipatu dut Wagnerrek Lohengrin-eko oberturan ipintzen duen indarra, mistikaren sua eta gogoak Jainko konprimaezina lortzeko izaten duen gosea adierazteko. Tannhäuser-en aurrekoan bezain zorrotz eta indartsu ageri izan da kontrako printzipio bien borroka adierazterakoan. Nondik atera du maisuak haragiari egiten dion kantu amorratua eta gizonaren deabruzko alde horren erabateko ezagupena? Lehenengo konpasak entzuterakoan, nerbioak doinuarekin bat datoz, gogoratzeak ere dardara ematen du. Ondo osaturiko buru guztiek barneratu dituzte infinitu biak, zerua eta infernua. Eta infinitu hauetariko bat agertzerakoan, buruaren erdi horrekin bat egiten dute. Maitasun lauso baten dirdai satanikoen ondoren, lilura dator, eta segidan, garaipen garrasiak eta esker oneko aieneak. Ulu basatiak datoz gero, biktimen kexuak eta sakrifiziogileen hosanna adeigabeak, maitasunaren draman basakeria beti eraman beharko bailitzan, eta haragiaren gozamenak krimenaren plazera ekarriko bailuen, deabruaren derrigorrezko logikari jarraituz. Erlijiozko gaia indarrez sartzen da piztutako gaizkia menperatuz. Goranzko joera berrartuz, ordena berrezartzen denean, eta hilzoriko atseginen kaosaren gainetik, dena zuzentzen hasten denean, gogoak lasaigarri antzeko bat izaten du, zorioneko librantza. Bigarren koadroaren hasieran errepikatuko da adierazi ezin den sentimendu hau, Tannhäuserrek Venusen haitzulotik ihes egiten duenean, benetako bizitzara itzuli egiten da, sorterriko kanpaien erlijiozko soinua entzuten du, artzainaren kanta lañoa, erromesen himnoak... Eta bidean dagoen gurutzea bide orotan ipini behar diren gurutzeen ikur bilakatzen da. Azken kasu honetan, Shakespeareren egikera bikain eta lasaia gogora ekartzen duen kontraste indarra ikusten da, gogoari derrigor eragiten diona. Oraindik orain lurraren barnean geunden oso sakon (Venus, aipatu dugunez, infernutik gertu bizi da), giro perfumatua baina itogarria arnasten genuen, argitasuna eguzkiarena ez zen argi bizi batetik zetorren. Tannhäuser zaldunaren parekoak ginen, gozamen nekosoak nazkatua, atsekabea gura zuen hark! Oihu ezin hobe hau kritiko ospetsu guztiek miresten diote Corneilleri. Wagnerren kasuan, aldiz, ikusi ere ez dute egingo. Horrela ba atzera ere bagaude lurrean. Haize freskoa hartzen dugu. Pozak esker onez eta atsekabeak umilki onartzen ditugu. Gizaki koitaduak euren herrira abiatu dira.
Oberturako alde atseginzalea deskribatu nahirik, maitasunaren himno arruntak (galai batek pozarren asmatzen dituen horietakoak) ahaz zitzan eskatu diot lehenago irakurleari. Ez da hemen, izan ere, garrantzirik gabeko ezer. Gainezka egiten duen izate kementsua dugu. Izate horrek gaizkiari eskaintzen dio ongiari zor dion indarra. Kontrako erlijio edota erlijio sataniko bihurtu den neurrigabeko maitasuna da, bizigarri eta kaotikoa. Horrela ba, itzulpen musikala egiterakoan, sentimendurik herrikoienarekin (jendailaren sentimenduekin esan behar nuen) datorren arrunkeriari ihes egiten dio konpositoreak. Horretarako, bidez nahastu den arima sentikor batek sentitzen duen gehiegizko irrika eta kemena, askogura menperaezina azaldu besterik ez du egiten. Ideiaren gauzatze plastikoari dagokionez, halaber, biktima mordo gogaikarriaz gabetu da, zorionez Elvira guztiak baztertu egiten ditu. Venus bakarrean gauzatzen den ideia hutsa ozen eta bokantza handiz mintzatzen da. Ez dugu ikusten hemen ohiko libertinoa neska eder guztien inguruan, gizona oro har baizik, unibertsala. Gizon hau modu morganatikoan bizi da, atseginaren erabateko ereduari jarraitzen dio. Deabru guztien eta Pan handiaren heriotzaren ostean lurrera deserriratuak izan ziren fauno eta satiro guztien erreginarekin batera bizi da, Venus suntsiezin eta zoragarriarekin, alegia.
Lan lirikoak aztertzen nirea baino trebeagoa den beste esku batek Tannhäuser bitxi eta ezezagunaren iruzkin tekniko eta trinkoa aurkeztuko lioke irakurleari. Nik, ordea, begiratu orokorra baino ez dut egingo, baina azkarra izanik ere, mesedegarria izango da. Osterantzean, ez al da zenbait pertsonarentzat erosoago leku altu batetik ikustea paisaia baten edertasuna, bere bide guztiak ibili barik?
Hau da ohartarazi nahi dudana Wagner laudatzerakoan, poema dramatikoari garrantzi egokia ematen badio ere Tannhäuser edota Lohengrineko oberturak zeharo ulerkorrak direla, baita libretoa ezagutzen ez duenarentzat ere. Obertura honek, gainera, ez du jatorrizko ideia bakarrik adierazten, hau da, drama osatzen duen dualtasun psikikoa, jarraieran espresatzen diren sentimendu orokorrak azaltzeko eredu nagusiak ere nabarmen agertzen dira. Argi geratzen da hau deabruaren doinu atseginzalea eta Erromesen kantua den erlijio motiboa bortizki errepikatzen denean, egintzak eskatzen duen bakoitzean. Bigarren ekitaldiko martxa handiari dagokionez, buru-egonezinaren onespena lortu du aspaldi, eta aipaturiko bi oberturei egindako gorespen bera egin ahal zaio, hemen ere modurik ikusgarri, koloretsu eta erakusgarrienean gura duena adierazten jakin baitu. Ahots aberats eta kementsu hauek, kadentzia dotoreko erritmo ospeduna eta errege martxa entzuterakoan, nork ez luke ospe feudala imajinatuko? Distiraz jantzitako heroiak iradokitzen dizkigute, gizon altuak, borondate handi eta fede tolesgabekoak, plazeretan dotore eta gerran izugarriak.
Zer ez dugu esango ba Tannhäuserren kontaeraren gainean? Erromara egin zuen bidaiaz, bertan melopeiak edertasun literarioa eutsi eta osatu ere egiten du modu miresgarrian, elementu biek bat egiten dute-eta. Beldurtzekoa zen zati honen luzera, baina indar dramatikoa ezin hobea da, ikusi dugunez. Hitzek eta musikak dena esaten dute, adierazi, itzuli egiten dute dena eta oso modu positiboan gainera, ezinezkoa baita esateko beste modu bat asmatzea: Tristezia; bekatariak bidaia zakarrean dituen nekeak; bere poza, bekatuak salbuesten dituen pontifize gorena ikusten duenean; honek krimena konpondu ezin dela esaten duenean bere etsipena; eta azken finean, galmenak dakarren pozaren sentimendu kontaezina, hain da ikaragarria... Horrela ondo ulertzen da halako atsekabe bat mirari batez besterik ezin dela konpondu, baita zaldunak haitzulora doan bidearen bila jarraitzea, infernuko dohainak topatzeko bere deabruzko emaztearen ondoan.
Lohengrin-eko dramak, Tannhäuser-enak bezala, izaera sakratu eta misteriotsua dauka, baina aldi berean unibertsalki ulerkorra da, kondairaren antzera. Printzesa gazte batek, krimen gogaikarri bat leporatu diotelarik, bere anaiaren hilketa, ez dauka errugabea dela frogatzeko biderik. Jainkoaren judizioak epaituko du haren auzia. Inguruko zaldunen artean inork ez du printzesaren alde egingo. Baina berak begitazio bitxi batengan du uste osoa, gudari ezezagun bat etorri baitzaio ametsetan. Zaldun hau izango da bere babesa. Mundu guztiak erruduntzat hartzen zuen eta unerik larrienean, izan ere, txalupa bat gerturatzen da itsasertzetik, zisne batek darama ontzia urrezko kate batetik tiraka. Jainkoaren kopa ederto zainduta zuen gordeleku zoragarriaren barrenetik entzun zuen laguntza erregua Lohengrin-ek, Graal zainduaren zalduna, errugabeen babeslea eta ahulen defendatzailea. Kopa hau birritan bedeinkatua izan zen azken afarian eta Jose Arimateakoak gure jaunaren odol sakratua jaso zuen bertan, zauritik zeriola. Lohengrin, Parsifalen semea, txalupatik jaisten da zilarrezko armadura batez jantzita, buruan kaskoa darama, ezkutua bizkarrean, urrezko tronpa txiki bat alde batean eta bere ezpatari bermatu egiten dio. «Garaipena ekartzen badizut diotso Lohengrinek Elsari zure senarra izatea gura al duzu?... Elsa, zure senarra izatea gura baduzu... Hitza eman behar didazu: ez didazu sekula galdetuko, sekula ez zara saiatuko nondik natorren jakiten, ezta zeintzuk diren ere nire izena eta jatorria». Eta Elsak: «Jauna, inoiz ez duzu galdera hori nire ahotik entzungo». Eta Lohengrinek agintza handikiro errepikatu zuenez, Elsak erantzun zion: «Ene babesa, ene aingerua, ene salbatzailea! Nire errugabetasunean sendo sinesten duzun hori, zugan federik ez izatea baino zalantza ankerragorik izan liteke? Zuk nire estualdian lagundu nauzu eta nik zintzo beteko dut ezarri didazun legea». Eta neska besarkatuz, zera bota zuen Lohengrinek: «Elsa, maite zaitut!». Wagnerren drametan sarri aurkitzen ditugun elkarrizketa ederrak dauzkagu hemen, jatorrizko magiaz beterik eta sentimendu ezin hobeak handiturik. Handitasunak ez du bat ere murrizten berezko xarma.
Lohengrinen garaipenak Elsa errugabea dela aldarrikatzen du. Baina Ortrude sorginak eta Frederikek, Elsaren galmena nahi duten bi gaizkile, emakume orok duen jakin-mina neskari piztea lortzen dute. Zalantzak ematen zion atsegina galarazten diote. Itsutu egiten dute neska eta Elsak zina hautsi eta jatorria aitortu dezan eskatzen dio senarrari. Zalantzak fedea akabatu du eta fede desagertuak zoriona eramaten du berarekin. Lohengrinek heriotzarekin zigortzen du Frederik segada batez. Gero, erregearen aurrean, gudariak eta herria bilduta zeudelarik, bere jatorria aitortzen du: «...Graalaren zerbitzurako hautatua izan den edonork naturaz gaindiko indarra jasotzen du berehala. Bertutearen bide zuzena defendatzeko kopak urrutira bidalita denak ere ez du bere indar saindua galtzen inork ez badu jakiten Graalaren zalduna dela. Baina Graal Sainduaren dohain hau halakoa da, begirada ezjakinez antzematen badiote, berehala ihes egiten du. Horregatik ez da inoiz bere zaldunaz zalantza egin behar, ezagutzen baduzue segituan ihes egiten baitu. Entzun orain nola amaituko den arazo hau! Graalak bidalia naukazue ni, nire aitak, Parsifal, bere koroa darama. Nik, bere zalduna, Lohengrin dut izena». Zisnea berriz agertzen da itsasertzetik, zalduna bere mirarizko herrira eroateko. Sorginak, gorrotoak harrotuta, zisnea Elsaren anaia dela argitzen du, bere xarmadura batek harrapatuta. Lohengrin txalupan sartzen da Graal sainduari erregu sutsu bat zuzendu eta gero. Uso batek zisnearen lekua hartzen du eta Godefroi, Brabanteko dukea, agertu egiten da. Zalduna berriz Salvat mendira itzultzen da. Zalantza egin duen Elsak jakin, aztertu eta kontrolatu gura zuen eta zoriona galdu du. Ideala desagertu egin da.
Antzinaroko Psikeren mitoaren antz harrigarria topatuko zion irakurleak kondaira honi, dudarik gabe. Psike ere infernuko jakinguraren biktima izan zen, bere zeruko senarraren sekretua ez zuen errespetatu nahi izan eta zorion guztia galdu zuen misterioa airatzerakoan. Elsak Ortruderi Ebak sugeari bezala aditzen dio. Betiko Eba betiko atzipeak harrapaturik. Herri eta arrazek alegiak elkarri uzten al dizkiote, gizonek jaraunspen, ondare eta zientzia sekretuekin egiten duten gisara? Erraza da hau sinestea, eskualde ezberdinetan sorturiko mito eta kondairek osatzen duten parekotasun morala hain da harrigarria. Baina pertsona filosofiko bat konbentzitzeko azalpen sinpleegia dugu. Nekazari batek beste bati bere herrian moldatzeko ematen dizkion haziekin ezin da konparatu herriak sortutako alegoria. Betierekoa eta unibertsala denak ez du moldatu beharrik. Esaten nuen parekotasun moral hori elezahar herrikoi guztiek duten kutsu jainkotiarraren modukoa da. Nahiez gero jatorri bakarraren seinale izan daiteke, ahaidetasun ukaezin batena. Baina jatorri hau lehen hasieran eta izaki ororen jatorrian bilatu behar dela ezin dugu ahaztu. Mito hau bestearen senidetzat eduki dezakegu, baina gizon beltza zuriaren anaiatzat eduki dezakegun bezala. Ez dut senidetasuna edota lotura ukatuko zenbait kasutan. Baina beste askotan azaleko antzak eta parekotasun moralak burua nahas dezakete. Landareen metafora berriz ere erabiltzearren, mitoa alde guztietan hazten den zuhaitza da, klima guztietan, eguzki guztien argitan, naturaltasunez eta aldaxka barik gainera. Munduko lau aldetako erlijio eta poesiek honen froga ugari ematen digute. Bekatua, adibidez, toki guztietan dago erredentzioarekin batera, beraz, mitoa ere bai. Betierekoa dena baino gauza kosmopolitagorik ez dago. Barkatuko didazue burutik pasatu zaidan digresio hau. Lohengrinen egilearekin jarraituko dut.
Wagnerrek gehien maite duena ospe feudala dela esan dezakegu, baita indarrez beterik diren bilera homerikoak ere atsegin ditu, jendetza berotuak, giza elektrizitatea da berak maite duena azken finean. Hortaz, estilo heroikoa berezko kemenez sortzen da. Lohengrin-eko eztei eresiak eta Tannhäuser-eko Wartburgeko gonbidatuen sarrerak bat egiten dute. Azken hau dotore eta sutsuagoa da agian. Hala ere, maisuak, beti fina eta ñabardurazalea, ez du jendetza oihesak sortuko lukeen istilurik adierazi. Kalapita zakarrenak goiena jotzen duenean ere musikak ez du agertzen etiketako arauetan iaioa den jende baten adeitasuna baino. Olgatzen den gorte bat da, eta horditasunik bizienak ere begirunearen erritmoa jagoten du. Jendetzaren poz zalapartatsua tartekatu egiten da eztei-eresi gozo, samur eta ospetsuarekin. Jendearen alaitasun ekaitzak Elsa eta Lohengrinen ezkontza ospatzen duen ereserki zahar eta eztiarekin kontrastatzen du errepikapen anitzen bitartez.
Wagnerrek, Italiarren Aretoan eman zuen lehengo kontzertuaz geroztik, jakingura bizia piztu zion ene belarriari. Apika obra bereko zati ezberdinetan gertatzen zen musika-esaldien errepikatzeak erakarri ninduen, lehenago esan dudan bezala. Ikusi dugunez, Tannhäuser-eko bi motibo nagusien errepikapenak, hau da, erlijiozko motiboa eta plazeren kantua, publikoaren arreta suspertzeko balio izan zuen. Horretaz gain, jendearen gogoak gaur egungo egoera antzeko batean ezarriko du operan gertatzen dena. Lohengrinen askoz ere zorrotzagoa da sistema mnemoniko hau. Doinuak pertsonaia bakoitzari armarria antolatzen dio, nolabait esatearren. Elezaharrean jokatu behar duen izaera morala eta eginkizuna adierazten du melodiak. Hau argitzeko umila izango naiz eta Liszti emango diot hitza. Arte sakon eta fina atsegin duenari bere Lohengrin eta Tannhäuser liburua gomendatuko diot. Hizkuntza arraro hori erabili arren, hizkuntza anitzen zatiz osaturiko mintzaira, badaki maisuaren erretorika guztia ederto azaltzen:
«Ikusleak bere burua prestatu eta etsi egiten du, badaki ez dituela aurkituko gure ohizko operak osatzen dituzten zati solteak, hemen bilbe baten inguruan bata bestearen atzetik lotuta dator dena. Interes nabarmena izango du ikusleak egilearen prozedura ikusten hiru ekitaldietan.Wagner, esaldi nagusi askoren bitartez, bere drama guztia osatzen duen lotura melodikoa burutzen du. Horretarako erabili duen konbinazio trebe eta poetikoki azkarra sakon hausnartu egin du. Aipaturiko esaldiek egiten dituzten bihurguneek, poemaren hitzen inguruan gurutzatu eta korapilatuz, sekulako efektu hunkigarria sortzen dute. Eta emanaldiko harridura eta inpresioaren ostean hain biziro hunkitu gaituen horretaz jabetu nahi badugu, genero berriko lan honen partiturari behatu nahi izanez gero, txundituta geratuko gara harrapatu ezin diren xehetasun eta asmo guztiak direla-eta. Poeta handien zein dramak eta zein epopeiak ez du luzaroko azterketa baten beharrik bere esanahi guztiez ondo jabetzeko?»
«Ustekabeko moduan erabiltzen duen prozedura baten bidez, musikaren eremuak eta asmoak zabaltzen ditu Wagnerrek. Bihotzean eragiten duen boterearekin ez da konformatzen, gizakiaren sentimendu guztiak piztu behar ditu beti, gure ideiak zirikatzeko gaitasuna ere badu, gure pentsamenduarekin mintza daiteke, gogoeta akuilatzen du eta izaera moral eta intelektuala ematen dizkio... Doinuaren bidez pertsonaien jitea eta euren grinak marrazten ditu. Doinu hauek adierazten dituzten grina eta sentimenduak agertzen diren bakoitzean aurrera egiten du melodiak, kantuan edota akonpainamenduan. Sistematikoki ematen den iraunkortasun hau antolamendu trebe batekin batera dator. Azken honek eragiten dituen ideia psikologiko, poetiko eta filosofikoak zeharo interesgarriak dira edozeinentzat, baita kortxeak eta kortxeaerdiak ikur huts edo hieroglifikotzat hartzen dituzten horientzat ere. Wagnerrek gelditu gabe ariketak egitera behartzen ditu gure gogoeta eta oroimena.»
«Hori dela eta, musika eta hunkipen hutsa dena bereizi egiten ditu eta haren berezko xarmari gogoaren hainbat gozamen erantsiko dizkio. Nekez lotzen diren kanta batzuek ematen duten plazer erraza zailtzen duen metodo honen medioz arreta berezia eskatzen dio publikoari. Aldi berean, emozio beteginak prestatzen dizkio hau dastatzen dakienari. Bere doinuak ideien pertsonifikazioak dira nolabait. Hauen errepikapenak adierazten ditu, botatzen ditugun hitzek inola ere adierazten ez duten sentimenduak. Bihotzaren sekretu guztiak honela ezagutzea espero du Wagnerrek. Zenbait esaldik, bigarren ekitaldiko lehen agerraldian, adibidez, suge pozoitsu baten gisara pasatzen da operatik, biktimei bildu egiten zaie, euren santu babesleen aurrean ihes egiteko gero. Sarrerakoa, esate baterako, bakanka besterik ez da errepikatzen, goi-agerkundeen berri emateko. Garrantzirik duten egoera eta pertsonaiak sinbolo bilakatuko den doinu baten bitartez adierazten dira. Doinu hauek edertasun bitxikoak direnez, partitura bat aztertzerakoan kortxea eta kortxeaerdien arteko loturei baino begiratzen ez dienari zera esango nioke: opera honen musikari bere testu ederra kentzen badiogu ere, primerako lana izango litzateke.»
Wagnerren musikak, poesia kenduta ere, lan poetikoa izaten jarraituko luke, ondo eginiko poesiak behar dituen ezaugarri guztiak baititu. Bere burua adierazten du poesia honek, gauza guztiak daude ondo lotuta, bata besteari egokituta eta barbarismo bat erabil badezaket ezaugarri baten mailarik gorena adierazteko, horra: zuhurki konkatenatuta.
Itsasontzi mamua, edo Holandar alderraia, ozeanotik noraezean dabilen juduaren istorio ezaguna da. Karitateko aingeru batek eroskunderako behar zuen baldintzaren berri ematen dio: Lurra zazpi urtez behin zapaltzen duen kapitainak bertan emakume leial bat topatzen badu, salbatua izanen da. Lurmutur arriskutsu bat gainditu gura zuen bakoitzean ekaitzak atzera bota egiten zuen dohakabea eta behin garrasika hasi zen: «Oztopo igarogaitz hau gainditu egingo dut, betikotasun guztian borrokatu behar badut ere!» Eta betikotasunak itsasgizon ausartaren erronkari baietz esan zion. Ordutik aurrera, zoritxarreko ontzia han eta hemen agertu da, hondartza ezberdinetan, beti ekaitzaren atzetik eta heriotzaren bila dabilen gudariak sentitzen duen amorruaz. Baina ekaitzak bukatu egiten du beti eta pirata onik gertatzen da, gurutzearen seinalea eginez. Ontzia kaira ailegatzerakoan ilunak eta serioak dira holandarrak botatzen dituen lehen hitzak: «Epea amaitu da, zazpi urte igaro dira ostera ere. Itsasoak nazkaz jaurtitzen nau lurrera... Ai! Ozeano harroa! Egun gutxi barru berriz ere eraman beharko nauzu! Hilobirik ez dago ¡non! Heriotzarik ere ¡non ez! Hau da ene kondenazio izugarria... Noiz argituko duzu nire gaua, judizioko eguna, egun goren hori?» Oraingoan ontzi izugarriaren ondoan beste ontzi norvegiar batek aingura bota du. Kapitainek ezagutu egiten dute elkar eta holandarrak «zenbait egunetarako bere etxeko babesa, aberri berria...» eskatzen dio norvegiarrari. Sekulako aberastasuna eskaintzen dio hark honi, kapitaina liluratuz, eta azkenik itsumustuan esaten dio: «Alabarik badaukazu? Ene emaztea izan bedi!Ez dut sekula nire aberria lortuko. Zertarako horrenbeste ondasun bildu? Utzi zeure burua konbentzitzen, ezkontza hau onartu eta nire altxor guztiak hartu».
Alaba dut, ederra, leialtasunez, samurtasunez eta nireganako jaieraz betea.
Betirako gorde dezala bere aitarentzat duen samurtasun hori, aitarekin leiala izan dadila, horrela senarrarekin ere leiala izango da-eta.
Bitxiak ematen dizkidazu, perla ordainezinak, baina bitxirik preziatuena emakume leiala da.
Zuk emango al didazu? Gaur bertan ikusiko dut zure alaba?
Norvegiarraren gelan neska ugari mintzatzen dira Holandar alderraiarekin. Sentak, buruan asmo argi bat zuelarik, begiak beti potreta misteriotsu bati zuzendurik zituen eta itsasgizonaren kondenazioa kontatzen duen balada kantatzen du: «Bela odolez gorria eta masta beltza duen itsasontzia aurkitu al duzue? Bertan, gizon zurbilak, ontziko nagusiak atseden hartu barik zelatatzen du. Lapurtu eta ihes egiten du, epe barik, atseden barik. Baina egun batean askatasuna lortu dezake, lurrean hil arte leiala izango zaion emakumea topatzen badu... Zeruari eskatu emakume batek bere bihotza eman diezaion laster!
Haizea kontra zuelarik, ekaitz ikaragarri baten erdian, itsasmutur bat gainditu gura izan zuen aspaldi. Ausardia eroaz blasfematu egin zuen: Ez dut betikotasun guztian etsiko! Satanek entzun egin zion eta hitzez hitz hartu zuen gainera! Eta orain itsasotik alderrai ibiltzea da bere epaia, atseden barik... Baina dohakabea lurrean askatua izan dadin, Jainkoaren aingeru batek salbazioa nondik etorri ahal zaion esan dio. Ai ene! Aurkituko bazenu itsasgizon zurbil hori! Emakume batek bere bihotza eman diezaion eskatu zeruari!
Zazpi urtero aingura botatzen du eta emakume baten bila doa lurrera. Norbait gorteiatu egiten du zazpi urtero eta ez du oraindik emakume leialik topatu... Belak zabalik! Aingura jaso! Gezurrezko maitasuna, gezurrezko zinak! Erne! Itsasora! Atseden barik!» Eta bat-batean, ametsen barrenetik irten zen eta inspiraturik, hau bota zuen Sentak: «Ene leialtasunaz askatuko zaitut nik! Jainkoaren aingeruak zure aurrean ipin nazala! Nire eskutik lortuko duzu salbazioa». Atsekabeak magnetikoki erakartzen du neskaren arima, hau da, bere senargaia, maitasunak baino salbatu ezin duen kapitaina.
Azkenik, holandarra Sentaren aitak aurkeztua agertzen da. Potreteko gizona da bera, paretan esekita den kondairazko irudia. Melmoth izugarria Immalée, bere biktimaren zoriarekin bigundu zen bezala, holandarrak, zoritxarreko sakrifizioa eginez, neska lasai utzi nahi du. Kondenatuak, errukiz beterik, bere salbaziorako tresna errefusatu egiten du eta presaka igotzen da bere untzira. Familiak eta maitasun arruntak emango dion zorionean laga nahi du Senta. Baina honek ez du etsitzen eta itsasgizonaren atzetik joaten tematzen da: «Ondo ezagutzen zaitut! Zure zoria ezagutzen dut! Lehen aldiz ikusi zintudanetik ezagutzen zaitut!» Gizonak, neska beldurtzeko esperantzaz: «Alde guztietako itsasoei galdetu, itsasoko bazter guztiak zeharkatu dituen itsasgizonari galdetu, ontzi hau ondo ezagutzen du, gizon errukitsuentzat ikaragarria: Holandar alderraia deitzen didate!» Sentak erantzun egiten dio urruntzen ari den ontziari, nekez eta garrasika: «Aintza zure aingeru libratzaileari! Aintza bere legeari! Begira ezazu hil arte leiala natzaizun!» Eta itsasora botatzen du bere burua. Itsasontzia ere urperatu egin da eta olatuen gainetik biziki igotzen dira zerura: holandarra eta Senta dira, itxuraldaturik daude. Zorigabea bere zoritxarrarengatik maitatzea ideia handiegia da bihotz tolesgabe batentzat ez bada. Oso gogoeta ederra da madarikatuaren salbamena neska baten irudimen gartsuaren esku uztea. Drama segurtasunez landuta dago, modu zuzenean. Egoera bakoitzari zirt edo zart heldu dio Wagnerrek. Sentaren pertsonaiak naturaz gaindiko handitasun erromantikoa dauka, xarmatu eta izutu egiten du aldi berean. Poemak duen sinpletasun handiak efektua sakonago egiten du. Gauza oro bere lekuan dago, dena dago ordenatuta eta bere neurrian. Antzoki Italiarrean entzun genuen obertura beltza eta sakona da ozeanoa, haizea eta ilunpearen erara.
Ikerlan hau bukatzera beharturik nago. Wagnerren joera eta dramagintza irakurle ezjakin bati ulertarazteko beste esan dudala (gaurkoz behintzat) uste dut. Rienzi, Holandar alderraia, Tannhäuser eta Lohengrin-ez gain Tristan eta Isolda ere idatzi du, baita tetralogia bat osatzen duten beste lau opera ere; gaia Nibelungen-etatik atera zuen. Bere lan kritikoa ere oparoa da. Lan hau guztia egin duen gizonak Pariseko ergelak dibertitu ditu luzaroan bere asmo handiekin. Urte batez, egunero izan da euren barregarri.
© Charles Baudelaire
© itzulpenarena: Oier Alonso