IV
Alde batera utziko dugu une batez artista handi guztiek euren lanean derrigor sartzen duten alde sistematikoa. Kasu honetan zein bereizgarri duen, bere ezaugarri pertsonala zein den asmatzea geratzen zaigu. Artista batek, izen handi hori benetan merezi duen batek, funtsean berea den zerbait izan behar du, honi esker da bera eta ez beste bat. Ikuspegi honetatik artistak askotariko zaporeekin pareka daitezke, eta gizakiek egin ditzaketen metaforak ez dira nahikoa artista ezagun eta ahalezko guztiak definitzeko, gutxi gorabehera bada ere. Richard Wagnerren baitan dauden bi gizonei jadanik igarri diegula uste dut: gizon ordenatua eta gizon grinatsua. Gizon grinatsua da kontua hemen, gizon sentibera. Hasiera batetik harritu ninduen gauza batek: Tannhäuser-eko alde orgiastiko eta atseginzalean eta Lohengrin-eko oberturaren ezaugarri den mistizismoa deskribatzerakoan indar berdina garatzen du egileak. Batean eta bestean asmo, igoera titaniko, dotorezia eta zorroztasun bera ematen dira. Lehenik eta behin indar bizia, grina eta borondatea begitantzen zaizkit maisu honen musikaren ezaugarri nagusiak. Musika honek ahotsik gozo edota karrankarienaz adierazten du gizonaren bihotzak daukan gauzarik ezkutukoena. Idealismo asmo bat nagusitzen da bere konposizioetan, aukeratzen dituen gaiak eta metodo dramatikoen arabera Antzinarotik hurbil dago Wagner. Baina bere espresioak duen indar amorratuari esker benetako izaera modernoaren ordezkaria dugu. Eta zientzia hau guztia, ahaleginak eta buru oparo honek egiten dituen eragiketa guztiak grina liluragarri honen zerbitzuan baino ez daude, umilki eta arretaz gainera. Lantzen duen konturen batean ospe ikaragarria ematen da. Grina honi esker, gauza orori gizagainekoa den zerbait ematen die eta dena ulertu eta ulertarazi egiten du. Borondate, desira, kontzentrazio, indar bizia edota eztanda hitzek gogoratzen duten guztia sentitu eta asmatu egiten da bere lanetan. Ez dut uste ametsetan nabilenik ezta inor tronpatuko dudanik ere hemen jenio deitzen diogunaren ezaugarri nagusiak ikusten ditudala esaten badut. Behintzat oraindaino legez jenio deitu duguna aztertzen badugu, esandako ezaugarriak aurkitzen ditugu. Arteari dagokionez, gehiegitasuna atsegin dudala aitortzen dut, moderazioa ez zait sekula iruditu izaera artistiko kementsu baten seinale. Neurrigabeko jite hau dut laket, borondateak gainezka egiten du eta obretan xartatzen da, laba gartsua sumendiko labean bezala. Gehiegitasun honek buruko edo gorputzeko krisien ostean ematen diren atseginaldiak markatzen ditu maiz, eguneroko bizitzan. Dramaren eta musikaren bateratzearen bitartez, maisuak egin nahi duen berritzeari dagokionez, zer gertatuko da? Horretarako ezin da profezia zehatzik egin. Oro har eta zehaztu barik hitz egiten badugu, salmo egilearen modura erran dezakegu beheratuak izan direnak goratuak izango direla gero. Baina hau gizakiaren kontu guztietan gerta daiteke. Lehenago burugabetzat jo diren gauza asko ikusi ditugu jendearen eredu bihurturik. Mundu guztiak gogoan du gaur egun Victor Hugoren dramek eta Eugène Delacroix-en pinturek hasiera batean izan zuten aurkaritza gogorra. Lehenago ikusi dugu, bestenaz, publikoa banatzen duen auzia gauza ahaztua zela eta orain batbatean, berpiztu egin da. Wagner berak iraganean topatu zituen bere ideala finkatzeko lehen baliabideak. Gauza bat da egia: operaren gabeziez aspaldi nekatua den jendea bildu egin da bere doktrinen inguruan. Ez da harritzekoa jende letradunak bereziki atsegin izatea poeta eta dramagilea izateaz harro dagoen musikari hau. XVIII. mendeko idazleek, halaber, Glucken lana aldarrikatu zuten, eta Wagnerren lanak gehien gorrotatzen dituztenei igarri egiten zaie honen aitzindariari ere badioten higuina.
Tannhäuser-en arrakasta edo porrotak ezin du azken finean ezer frogatu, ezta etorkizuneko zoriona edota zoritxarra erabaki ere. Tannhäuser lan gogaikarritzat hartuta ere goraipa zatekeen. Ezin hobetzat harturik, aldiz, jendea haserraraziko zukeen. Opera eraberritzearen auzia, izan ere, ez da agortu, gatazkak jarraitu eginen du, eta behin baretuta berriz ere hasiko da. Duela gutxi entzun nuen Wagnerren dramak arrakasta lortuz gero gorabehera isolatua litzatekeela esaten. Horrela ba, bere metodoak ez luke drama lirikoaren zori eta aldakuntzetan eraginik izango. Iragana ikertuz, betiko den guztia, alegia, erabat kontrakoa esan dezaket nik, hau da, porrotak ez lukeela inolaz ere deuseztuko antzeko saialdiak egiteko aukera. Gertu dugun etorkizun batean egile berriek eta aspaldiko gizon ospetsuek ere nolabait ustiatuko dituzte Wagnerrek igorritako ideiak, berak zabaldutako bidetik zoriontsu pasatuko dira. Zein historiatan irakur daiteke auzi handiak liskar bakar batean gal daitezkeenik?
1861, martxoak 18.
© Charles Baudelaire
© itzulpenarena: Oier Alonso