BESTE LAU HITZ
«Saioa eginda dago! Etorkizuneko musika ahaztuta dago!», txilio egiten dute pozarren azpikari eta izorratzaileek. «Saioa eginda dago!», errepikatzen dute foiletoiko babo guztiek. Eta batera erantzuten dute inozo guztiek, lañoki: «Saioa eginda dago!».
Saio bat, hain zuzen ere, eginda dago, mundua bukatu aurretik hamaika aldiz berregingo den saioa. Hasteko, benazko eginkizun handiek ezin dute gizakien gogoan sartu edota historian lekua hartu ihardukitze bizirik izan gabe. Gainera, hamar burugogor txistuka jendea eta antzezleak nahasteko eta jendearen borondate ona deusezteko gauza dira. Orkestra baten ahots izugarria ere zaputz dezakete, ahotsak itsasoaren indarra izanik ere. Laburbilduz, eragozpen interesgarri bat frogaturik geratzen da: urte osorako abonua eman dezakeen sistema batek aristokrazia antzeko bat sortzen du. Honek jendarte gehiena bazter dezake opera-lan bat juzgatzerakoan, arrazoi edo interes jakin batzuk direla-eta. Beste antzokietan, Comédie-Françaisean, adibidez, ezarri dezatela abonu sistema bera eta berehala ikusiko genituzke arrisku eta iskanbila berdinak. Talde murriztu batek lan bat preziatzeko eskubidea lapurtuko lioke Pariseko publiko handiari, aburua guztion kontua izanik.
Wagnerrez libratu dela uste duen jendea bizkorregi poztu da, argi esan dezakegu. Garaipena isilago ospa dezaten eskatuko diet, bestalde, oso garaipen ohoretsua ez delako izan. Etorkizunerako konformidade karga ona lortzeko ere gomendatuko nieke. Nekez ulertzen dute gizakien joko kulunkaria, grinen itsasgora eta itsasbehera. Ez dakite zer-nolako eroapen eta temaz hornitzen dituen probidentziak izendatzen dituen kargudunak. Erantzuna agertzen hasia da egun, gaitzusteak, ergelkeriak eta ohikeriak bat eginik, Wagnerren lana zokoratzen saiatu ziren egunean hasi zen. Bidegabekeriaren neurriak begikotasun handia eragin du eta alde guztietatik agertzen da orain.
* * *
Paristik urrun bizi direnei, gizaki eta harri mordo honekin liluratu eta kikilduta geratzen diren pertsonei gauza misteriotsua irudituko zaie Tannhäuser dramak eragin duen ezusteko pasadizoa. Baina erraza izanen da azaltzea zenbait arrazoiren pilaketa. Batzuek ez dute, gainera, artearekin inolako zerikusirik. Arrazoi nagusia aitor dezagun berehala, Wagnerren opera benazko lana da eta arreta jarraia eskatzen du. Asmatuko dugu baldintza honek berekin dakarrena, alegia, mesede gutxi. Herri honetan antzinako tragediak dibertimendurako ematen zuen aisetasunari esker zuen arrakasta. Italian izozkia jaten eta marmarrean aritzen dira dramaren pausaldian, modak ez baitu txalorik onartzen, Frantzian kartetan jarduten dute, ordea. «Lotsagabea zara zu, etengabeko arreta izatera behartu gura banauzu botatzen du abonatu setatsuak, ene adimena erabiltzeko parada baino plazer liserigarria ematea nahi dut nik». Zio nagusi honetaz gain, mundu guztiak ezagutzen dituen (Parisen behintzat) beste batzuk baditugu. Aginte inperialak, eta nire ustez eta inor zurikatu gabe, printzea ondratu egiten duena eta benetan esker dezakeguna, jeloskor asko altxatu du artistaren kontra, eta babo hauetariko askok egintza burujabea egiten dutela uste dute aho batez zaunka egiterakoan. Kazetaritzari eta hitzari zenbait askatasun eman zien dekretuak nahaste natural bati eman zion bidea. Nahaste hau, luzaroan erreprimitua, animalia zoro baten pare oldartu zitzaion ondotik pasatu zen lehengoari, eta bidezko hau Tannhäuser izan zen. Estatu buruak baimendu egin zuen obra eta atzerriko enbaxadore baten emazteak aho betean babesturik gainera. Hau da aukera ederra, hau! Frantsesez betetako areto oso bat emakume honen nahigabearen kontura dibertitu ziren eta, gutxiago jakin dena, Wagner andrea bera iraindu zuten emanaldi batean. Garaitza miresgarria!
Eszenaratzea eskasa baino eskasagoa izan zen, vaudevillegile zahar batek egina (Hiriko jauneria Clairville jaunak eszenaraturik imajinatzen al duzue?). Orkestraren joaldia, aldiz, biguna eta okerra. Itxaropen apur bat ematen zuen Alemaniako tenoreak etengabe desafinatu zuen. Erdi lo eta zarpail zuriez estalita zen Venusek ez zuen Olinpotik jaisten denaren tankerarik, Erdi Aroko artista baten irudipen fazatiak sortua ematen zuen, ordea. Publikoa uzkur agertu zen, asmo idealen axolarik ez zuen jendetzak betetzen zituen eserleku guztiak emanaldi bietan. Gauza hauek guztiak ere bai kontuan izan behar ditugu. Sax anderea eta Morelli bakarrik atera ziren onik ekaitzetik eta hauxe da eskertzeko aukera ezin hobea. Euren talentua besterik ez goraipatzea ez zaigu komeni, ausardia ere laudatu behar baitzaie. Porrotari eutsi egin zioten eta estropezu egin barik egilearekin leial mantendu ziren. Morelli, Italiako bizitasun miragarriaz, egilearen estilo eta gustuarekin konformatu zen, apalik. Kantari honen lana ikertzeko aztia izan dutenek mantsotasun hau onuragarri izan zuela esaten dute, ez dela inoiz Wolfram-ena egiten bezain zoragarri agertu. Baina zer esan Niemann jaunari buruz, bere makaltasun eta amorraldiez, mizke hazitako umea bailitzan? Frédéric, Rouvière eta Bignon berak, ospe gutxiago izanik ere, antzokian eragindako zurrunbiloak ikusi eta gero zer esan? Publikoaren hanka-sartzeari buru egin zioten, haren bidegabekeriari ahalegin handiagoa kontrajarriz eta egilearekin bat eginez. Azkenik, dantzaren arazoak ere ez zuen mesede handirik egin. «Dantzarik gabeko opera! Zer da hau?» esaten zuen ohikeriak. «Zer da hau?», esaten zuen aretozainak. «Kontuz ibili!», esaten zion ministroak egileari, izututa. Kontsolazio gisa, Prusiako soldadu batzuk ipini zituzten eszenan, gona motzez jantzita eta soldadu eskola bateko imintzio mekanikoak eginez. «Hau da balet eskasa eta dantzarako egina ez den dantza». Esaten zuten ikusle batzuek zango hauek guztiak ikusterakoan, eszenaratze eskasak pozturik. Baina zera erantzuten zuen zentzuak: «Hau ez da baleta, bakanala izan beharko luke, orgia musikak agintzen duen erara, Port-Saint Martinen antzezten dakiten bezala antzeztuta, Ambigun, Odon-en eta antzoki kaskarragoetan ematen den erara. Baina hau ezin da operan eman, hemen inork ez daki zertan ari den. Gainera, ez da arrazoi literariorik izan agerraldi oso bat kentzeko (Venusen agerpen berria), tramoiari baldarren errua baizik.
Operako dantzarien artean maitale bat izateko aukera duten gizonek euren erosketaren jeinu eta edertasuna ahalik eta gehien argitaratu nahi badute ulertzekoa da, jende guztiak erraz zurituko du ia aitatiarra den sentimendu hau. Baina gizon hauek, jendearen jakin-mina eta gozamenaz arduratu barik, atsegin ez duten lan bat egitea galarazten dute, hau ez baita babestuarentzat lagungarria, eta hau ezin da inola ere onartu. Ohiturei zintzo eutsi eta zuen harena gorde ezazue, baina zuen modura pentsatzen ez dutenek gustuko gozamenik topa dezaten, antzoki bat eman iezaiezu. Horrela ba zuetaz libratuko gara zuek gutaz libratzen zareten bitartean.
Odol bero hauei biktima kendu gura zioten obra igandean aurkeztuz, hau da, abonatuek eta Jockey-club-ak borondatez uzten dietenean aretoa, lekua eta aisia aprobetxatzen duen jendetzari. Abonatuek, ostera, arrazoiketa aski zuzena asmatu zuten: «Egun arrakasta izatea onartzen badugu, administrazioak aitzakia nahikoa izanen du obra hogeita hamar egunetan zehar inposatzeko». Eta erasoari berriro ekin zioten modu guztietako armaz horniturik, hau da, aldez aurretik prestatutako tresna erailez. Bi ekinalditan borroka egin zuen publikoak, publiko osoak gainera. Borondate onez betea eta haserreak kemendua, edertasun zoragarria ez ezik, harritu eta nahastu egiten zuten pasarteak ere txalokatzen zituen, bai joaldi ilunekoak eta bai ondo preziatzeko ezinezko baitaratzea behar zuten pasarteak ere. Baina haserre edota berotasun eztanda hauek berehala eragiten zuten kontrakoen erantzuna, antzeko indarrez baina neke txikiagoz sortua. Jende honek, apaltasunez kalapita arindu nahi zuen eta isildu egiten zen, oroz gain ezagutu eta juzgatu nahiz. Baina zenbait txistuk adorez jarraitu zuten, arrazoi barik eta etengabe. Erromako bidaiaren kontaera miragarria ezin zen entzun (kantatu egin al zen? Ez dakit.) eta hirugarren ekinaldi guztia kalapitan murgildu zen.
Prentsan erresistentzia eta gaitzespen bat ere ez, Franck Marie jaunak La patrie egunkarian egin zuena salbu. Berlioz jaunak aburua ematea saihestu du, adore txarrez. Irain orokorrarekin bat egin ez zuela esker diezaiogun. Luma guztiak erakarri ditu gero imitazio zurrunbilo handi batek, aho guztiak zoratu egin dira, jendeak mirari ausart eta koldarrak txandaka egiten dituenean bezala, taldeko adore eta txepelkeria, berotasun frantsesa eta galiarren ikara izan dira nagusi.
Tannhäuser-ez zen entzun ere egin.
* * *
Eta orain aieneak ugari dira, guztiek nahi dute Wagnerren obra ikusi eta guztiak kexatzen dira tiraniaren aurka. Baina administrazioak burua makurtu du azpikari batzuen aurrean, eta hurrengo emanaldietarako ipini den dirua itzuli egin da. Ikuskizun bitxia dugu horrela, lehen izan genuena baino lotsagarriagoa agian, zuzendaritza garaitua ikusten dugu. Honek, jendearen kemena kontra izan arren, ez du gura emanaldi emankorragorik egin.
Bestenaz, gertatua zabaltzen ari dela ematen du eta publikoa ez da epaile gorentzat hartzen antzezpenari dagokionez. Lerro hauek idazten ditudan une berean jakiten dut drama eder bat, egitura miragarrikoa eta estilo bikainean idatzia dena, desagertu egin behar dela beste eszenatoki batetik. Hala ere, ospea izan zuen nahiz eta klase ikasia deituriko kasta indargabe horrek kontrako ahaleginak egin. Gaur egun itsasportuko publikoak baino bihotz eta sentikortasun gutxiago du jende horrek. Egia esateko, ohorea bezalako gauza fin eta xehe baten bidez publiko hori hunkitzea espero bazuen egileak burutik jota dago. Ohorea lurperatzeko trebeagoa da jende hau.
Zein ote da egozte honen arrazoi misteriotsua? Arrakastak zuzendariaren etorkizuneko lanak izorratuko ote ditu? Erabaki ofizial ulertezin batek bere ongura bortxatu ote du, bere probetxuaren kontra? Gauza izugarriagoa ere pentsatu daiteke. Hau da, zuzendariak drama onak nahi dituenaren alegia egin dezake bere burua goratzeko, xedea lortu eta gero bere egiatako gustua berreskuratuz. Tentelaren gustua da hau, eta agerikoa da mesedegarriagoa dela. Kritikarien ahulezia oraindik ulergaitzagoa dugu (euren artean poetak ere badaude). Etsaia goratu egiten dute eta suhartasun aldi bat izaten badute inoiz merkantilismoa gaitzesten diote, baina beste kasu anitzetan merkataritza honi bihotz ematen diote goikoari gustu eginez.
* * *
Zalaparta horretako txiste negargarriek lotsaz gorritzen ninduten, gizon sentiberaren aurrean zerrikeria bat egiten denean bezala. Ideia anker bat ezin nuen burutik kendu. Beti zaindu dut neure burua kontu handiz, burua nahasten duen gehiegizko abertzaletasunetik, baina behin gertatu zitzaidana gomutatu zait orain. Urrutiko hondartzetan, oso pertsona ezberdinek osaturiko mahainguruetan izugarri sufritzen nuen ahotsen batek (zuzena edo bidegabea, ez du ardura) Frantzia barregarri uzten zuela entzuten nuenean. Maitasun sentimendu guztiek, filosofikoki estututa, eztanda egiten zuten orduan. Duela zenbait urte, akademiko deitoragarri bati, bere ongi etorri hitzaldian, Shakespeareren jeinuari buruzko hautematea egitea bururatu zitzaionean, dardaraz sentitu nuen pedante ezikasi hark nire herriari egiten zion mina. Williams zaharra edota Williams ona deitzen zion trebantziaz hautemate hau Comédie-Françaiseko atezain batentzat da egokiagoa. Hainbat egunetan, izan ere, Ingalaterrako egunkari guztiak gure kontura jostatu ziren, eta modu penagarrian gainera. Frantziako idazleek, hau entzuterakoan, ez omen zekiten ezta nola idatzi Shakespeareren izena eta bere jeinuaz ere ez omen zuten ezer ezagutzen. Frantzia astotuta zegoen eta bi egile besterik ez zuen ezagutzen, Ronsard eta Dumas semea, Inperio berriaren poetarik gogokoenak, gaineratu zuen Illustrated London News-ek. Gorroto politikoa iraindua izan den abertzaletasun literarioarekin nahasten dela azpimarratu beharra dago.
Beraz, Wagnerren lanak piztutako istiluak gertatzen ziren bitartean zera esaten nion nire buruari: «Zer pentsatu behar du Europak gutaz? Eta Alemanian zer esanen dute Parisen gainean? Hona hemen guztioi ohorea kendu diguten liskargile gutxi batzuk!». Baina ez, hau ez da horrela. Idazle, artista eta kaleko jendearen artean ere ongi hezitako pertsona asko geratzen direla uste dut, jakin badakit, hobeto esanda, zin egiten dut. Jende hau zuzentasunaz dohaturik dago eta beti du burua prest eskaintzen zaizkien berrikuntzak jasotzeko. Alemaniak gaizki egingo luke pentsatzen Parisen mukiak atzamarrekin kentzen dituzten barrabasak besterik ez direla bizi, gero mukiak pasatzen den gizon handi baten bizkarrean garbitzeko, gainera. Honelako uste bat ez litzateke guztiz inpartziala. Alde guztietan piztu da erantzuna, esan dudan bezala. Ezusteko begikotasun adierazpenek egileari adorea eman diote bere xedeari eusteko. Gauzek horrela jarraitzen badute nahigabe asko laster arindu egingo direla espero daiteke, baita Tannhäuser berriz emango dutela, baina beste leku batean, Operako abonatuek obra jazartzeko interesik ez dezaten izan.
Azkenean ere ideia bota dugu, sargunea egina dago, gauza inportantea da. Wagnerrek emandako ideia mesedegarriez baliatuko da musikagile frantses bat baino gehiago. Obra duela gutxi argitaratu zen, enperadorearen aginduz, zeinek mesede handia egin baitio izpiritu frantsesari. Izpiritu logikoa da hau, ordena du gustuko eta bere bilakaerak erraz berrartuko du martxa. Errepublika eta lehen Inperioaren agintepean musikak oso maila altua lortu zuen, garai honetako gauzarik miragarrienetakoa bihurtuz, literatura uzkurtu egiten zen bitartean. Bigarren Inperioko buruak gure ondokoek ahoan zuten gizonaren lana entzuteko jakin-mina sentitzen zuen ala gogoeta abertzale eta argiagoak eraginda jardun al zuen? Edozein kasutan guztiontzat izan da mesedegarri bere jakingura.
1861, apirilak 8
Idazleak Richard Wagnerri
idatzi zion mirespen eskutitza
1860ko otsailak 17, ostirala.
Jauna,
Beti pentsatu dut artista handi bat, ospearekin oso usatua izanik ere, hunkitu egin zitekeela egiatako konplimendu baten aurrean, konplimendua esker oneko garrasia izanez gero. Garrasi hau, gainera, gauza bitxia da frantses batek botata, nekez hunkitzen baikara gu. Nire herrian musikak baino ahots ozenagoa dauka poesiak edo pinturak. Lehenengo eta behin, inoiz sentitu dudan goramen musikalik handiena zor dizudala esan nahi dizut. Jadanik ez daukat gizon sonatuei idazten olgatzeko adinik, baina nire mirespena adierazteko zalantza oro desagertu zait artikulu iraingarriak egunero irakurri eta gero, barregarriak benetan, egin ahal guztiak egiten dituzte zure jeinua laidotzeko. Lehenago ere eman dit oinaze eta lotsa nire herriak beste zenbait gizon iraintzeagatik. Sumindurak azkenean nire esker ona adieraztera bultzatu nau. Nire burua ergel hauengandik bereizi nahi nuela pentsatu nuen.
Antzoki Italiarrera zure lana entzutera ez nintzen jarrera onaz joan. Aurreiritziz beterik nintzela aitortzen dut. Baina barkatu egingo didazu, maiz sartu didate ziria eta asmo handiz beteriko berbontzi askoren musika entzun dut. Zuk segituan erakarri ninduzun. Adierazi ezin den zerbait sentitu nuen eta barre ez badidazu egiten, hori azaltzen saiatuko naiz. Musika ezagutzen nuela iruditu zitzaidan aurrena. Ondoren, pentsatu eta gero, mirari honen jatorria ulertu nuen, musika hau nire musika zela iruditu zitzaidan, eta gizonak berari atsegin izateko egin diren gauzak ezagutzen dituen erara ezagutu nuen nik. Zorrotza ez denari barregarria oso irudituko zaio esaldi hau, batez ere nire antzeko norbaitek idatzia, musikaz ez baitakit ezer, Weber eta Beethovenen zati batzuk entzuteak (gozamen handiz, hauxe bai da egia) besterik ez du osatzen nire heziketa.
Handitasunaren ezaugarriak hunkitu ninduen jarraian. Handitasunaren irudia ematen da eta handitasunera iristeko indar egiten da. Naturaren hots eta ezaugarrien handitasuna eta gizonaren irrikeria ere igarri nizkien zure lanari. Norbera txunditua eta liluratua sentitzen da berehala. Erlijiozko estasia irudikatzen duen zatia bitxienetarikoa da eta musikak inoiz eman didan zerbait sentiarazi zidan. Gonbidatuen sarrerak eta Eztei-jaiak sortutako efektua izugarria da. Gurea baino handiagoa den bizitza baten handientza sumatu nuen. Beste gauza bat: sentimendu nahiko bitxia jasan nuen, ulertu egiten nuen, musikak bereganaturik, airez aire edota itsasoaren gainetik ibiltzearen antzeko atsegin sentsualaz, eta hau guztia harro eta pozik gainera. Eta musikak bizitzaren harrotasuna barreiatzen zuen aldi berean. Harmonia sakon hauek, orokorrean, irudimena bizkortzen duten sustagarrien gisakoak begitandu zitzaizkidan. Azkenean ere, eta barrerik ez egiteko eskatzen dizut, ene izaera eta ohiko ardurek eragindako sentsazioak nabaritu nituen. Gauza oro da zorrotza eta erakargarria, gora egiteko gogoa sumatzen da, neurriz gainekoa eta itzela den zerbait. Pinturatik hartutako konparazio batez baliatzen banaiz, adibidez, azalera handiko gorri iluna ikusten dudala asmatuko nuke. Gorri hau irrikaren irudia baldin bada, pixkanaka iristen dakusat, gorri eta arrosa guztietatik iraganez, suaren goritasuna izatera. Zaila eta agian ezinezkoa ere ematen du suhartasun biziagorik lortzeak. Azken suziriak, ordea, atzealdeko zuria baino zuriagoa den lorratza marrazten du. Arimak botatzen duen goieneko oihu asaldatua dugu hau, irudia atsegin baduzu. Entzun ditugun Tannhäuser eta Lohengrin zatiei buruzko zenbait gogoeta idazten hasia nintzen, baina dena ezin dela esan onartu dut.
Hortaz, betiko jarrai nezakeen gutun hau. Irakurri ahal izan baduzu, benetan eskertzen dizut. Berba gutxi batzuk erantsi besterik ez zait gelditzen. Zure musika entzun nuen egunetik zera esaten diot neure buruari etengabe, batez ere une txarretan: Gaur gauean Wagner apur bat entzun banezake bederen... Nire moduko gizon gehiago daude zalantzarik gabe. Laburbilduz, kazetarien lan eskasa gainditzeko beste sena izan duen publikoarekin pozik egon behar duzu. Zergatik ez zenuke emango beste zenbait kontzertu zati berriak gaineratua? Gozamen berriez beteriko gustu aurreratu bat erakutsiko diguzu. Eskubiderik baduzu espero dugun gainontzekoa ukatzeko?
Berriz ere, jauna, benetan eskertzen dizut zure lana.
CH. BAUDELAIRE
Nire helbiderik ez dut erantsiko, apika zerbait eskatu gura dizudala pentsa zenezake-eta.
© Charles Baudelaire
© itzulpenarena: Oier Alonso